GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Gauzen balioaz


Aurtengoa gauzen urtea izanen dela entzun diot kazetari bati. Honezkero eta luzera begira, gauza guztien balioa tentuz neurtu beharko dugu.

Kanaria irletara iritsita honetaz hausnartzea fribolotzat jo badaiteke ere, tannur labeen inguruan irakurritakoa gogoratu dut. Tannurrak Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan eta Afganistan inguruko lurraldeetan erabiltzen diren milaka urteko zeramikazko labeak dira. Ohitura dira labeen inguruan elkartuta luze jotzen duten solasaldiak. Moiraseko errefuxiatu kanpamenduan labe hauen arrastoak topatu ditu arkeologo eta aktibista batek. Migratzaileek gauza guztiak utzi behar dituzte. Eta gauzekin batera, harremanak, jatorriak eta kultura galtzen dituzte. Akaso, horregatik, tannur labeak egitea da herritik gertuago sentitzeko modua, eta bertan egositako ogiaren usaina, herri mina apaltzeko era. Labe zatiak istorioak osatuz. Gauzak ez direlako gauza hutsak.

Migratzaile horiek dena gal dezaten ahalbidetzen duen sistema ni oporrak izateagatik pribilegiatu sentiarazten nauen bera da. Biok behar gaituzte; bata bestearen kontra ahal bada. Nik, baina, ez dakit erruduntasunez edo elkartasunez, Kanarietako hondartza bateko txokoan tannur labe bat utzi nahi nuke, munduaren alde honetara iristen ari direnek ez dezaten dena galdutzat jo.