GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
axier Arteaga
Pilotaria

«Dietista, coacha... informazio asko ematen dizute, baina, agian esentzia galtzen duzu»

26 urterekin, bihar jokatuko du lasartearrak bere azken partida profesional gisa. Etxean eta etxekoez lagunduta egingo du, bere ibilbidea nahi baino lehenago amaituta, baina dena eman izanaren lasaitasunarekin. Elkarrizketa osoa, NAIZen.

(Idoia ZABALETA FOKU)

Partida bakarra geratzen zaizu. Ze sentitzen duzu?

Egia esan, azken egun hauetan gogotsu eguna heltzeko, alde batetik jende asko ari zaidalako maitasun keinuak egiten, partidara etorriko direla esanez edo afarira etorriko direla, eta gero, beste alde batetik, psikologikoki azken partidak oso gogorrak egiten ari zaizkit, zaila da motibazioa topatzea eta pixka bat larunbaterako gogoarekin, etapa bat itxi eta berria hasteko gogoz.

Jakinarazi zizutenean, espero zenuen?

Bueno, espero... esango nuke bilerara %50ean joan nintzela. Alde batetik, bai, pentsatzen nuen aukera hori hor zegoela, baina esperantza ez nuen galtzen. Gainera, lesio batzuk izan ziren enpresan eta esperantza izan nahi nuen, baina banekien urte txar bat eginda nindoala kontratua berritzera eta aukera bazela ez berritzea. Beti daukazu buelta emango diozun esperantza, jokoa itzuliko dela... Hasierako momentuan kolpea izan zen, bai.

Handi samarra ere bai?

Bai, batez ere nire aldetik dena jarri dudalako, eta saiatu naiz ahalik eta gehien egiten, profesional onena izaten. Nik uste enpresak alde horretatik ezin didala aitzakiarik txikiena ere jarri, baina kirola halakoa da, eta askotan, nahiz eta asko saiatu, zure aldetik asko jarri, emaitzak ez dira beti iristen, bi gehi bi beti ez dira lau. Hasieran, zure txikitako amets hori amaitu dela entzutea gogorra da.

Kanpotik, sentsazioa da batzuetan gehiegi ere jarri duzula, presio handiegia?

Bai, alde batetik esango nuke barruan zaudenean ez zarela konturatzen. «Hau da nire pasioa» pentsatu eta guztia jartzen duzu ahalik eta hobekien egiteko dena. Beti aholkuak hartzen dituzu, dietista dela, entrenatzaile pertsonala, coacha... eta horiek informazio asko ematen dizute baina, agian, galtzen duzu garrantzitsuena, zure esentzia, zure buruarengan konfiantza. Gero, aparte, presio gehiago jartzen diozu zure buruari eta azkenean zure errendimendua jaitsi egiten da.

Zure moduko pilotarien egunerokoak zaila behar du izan; enpresako hiru onenen artean sartu ezean, txapelketetatik kanpo, «linbo» moduko batean, geratzen zarete; gaur egun are gehiago...

Hitzak esaten duen bezala, enpresak enpresak dira eta pilotariei baino gehiago euren irabazi ekonomikoei begiratzen diete, eta pena horixe da, lehen mailara heldu ezean eta bigarren mailan egin beharreko lanak egin gabe geratzen bazara, ba etxera zoazela, eta hori badakizu, presio handia da eta nik hori sentitu izan dut. Telebistak garrantzi handia du gaur egun, jendeak aurpegi berriak nahi ditu eta hobe datorkie gazte batek debutatzea maila duen batek jarraitzea baino, eta, ona irten eta lehen mailara heltzen bada, dirua emango die gainera. Alderantziz, bidean geratzen bada eta ez bada gora heltzen, etxera bidali eta beste bat dator.

Zu ez zinen, ordea, bigarren mailan lanak egin gabe utzitakoa, buruz burukoa birritan irabazi zenuen.

Bai, uste dut historia guztian hiru bakarrik garela. Bueno, azkenean zure esku dagoena dena jartzea da eta momentu gogorrak pasa ditut, baina esango nuke pertsona bezala asko hazi naizela kirol ibilbide honetan. Debuta eta hasierako ibilbidea oso polita eta erraza izan zen, beti goraka. Hor lehen mailako partidak eta jokatuz aritu nintzen, baina nire buruari nabaritzen nion oraindik ez nintzela lehen mailakoa eta beste koxka bat falta nuela eta hor, esandakoa, pixka bat obsesionatu eta entrenamendu gehitxo egin zen. Nire maila jaitsi egin nuen, eta bigarren mailara jaitsi nintzen berriz. Hor zure esku dagoena lan egitea da eta lanaren poderioz lortu nuen txapel hori irabaztea, baina gero ez nuen berriro garapen hori lortu. Eta hor erantzule nagusia norbera da, baina momentu batzuetan enpresak nirekin beste modu batera jokatu izan balu, agian beste emaitza batzuk lortuko nituela uste dut.

Sei urte hauetan gauza on asko ere izango dira, ala?

Bai, dudarik gabe, sei urte hauetan geratzen naiz batez ere jendearen aldetik jaso dudan maitasunarekin. Ze azken urte hauetan batez ere partida asko galtzea tokatu zait eta behin ere ez dut kritikarik edo hitz txarrik jaso. Beti animo mezuak jaso izan ditut joan naizen ia frontoi guztietan. Eta gero, lagunek eta familiak ere asko lagundu izan didate. Eta horretaz aparte, hiru txapel irabaztea lortu dut eta egun horiek oso zoriontsuak izan dira niretzat. Gauza asko bizitzea tokatu zait pilotarekin, batzuk oso-oso politak, txarrak ere bai, greba eta tarteko, baina esandakoa, balorazio orokor bat egiterakoan ikusten dut ume bat nintzela sartu nintzela enpresara eta orain bizitzan datozkidan erronkei aurre egiteko gogortuta eta helduagoa naizela irten naiz eta horrekin geratzen naiz.

Pilotan jarraitzeko asmorik?

Bai, pilota asko bizi dut, asko gustatzen zait eta azkenean ba, dudarik gabe, jarraitu nahiko nuke. Batez ere, lehiatzen jarraitu nahi dut, oraindik 26 urte baino ez ditut. Nik uste kirolaria bere onenera 28/30 urterekin heltzen dela, heldutasun eta oreka batekin eta iruditzen zait ni oraindik ez naizela iritsi. Hortxe daukat nire motibazioa lehiatzen jarraitzeko, gazte onenen aurka jokatzen jarraitu nahi dut, gustatu egiten zaidalako pilota eta lehia, nire burua estutu eta izerdi puxka bat botatzea. Hortik aparte, campusean dela edo federazioan teknifikazio entrenatzaile bezala gazteei erakusteak betetzen nau.