GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Arabako mahastizainak burujabe izateko prest


Atzo ospatu zuten Arabako Lantziego herrian Mahats-bilketaren Jaia. Jardunaldian ez zen gehiegi hitz egin aurtengo uztari buruz, haren kalitateaz eta kantitateaz. Aurtengo eztabaida nagusia Arabako hamabost bat ardogilek “Viñedos de Álava/Arabako mahastiak” jatorri-deitura bultzatzeko hartutako erabakiari buruzkoa izan da. Ez da proiektu berria, sei urteko ibilbidea du jada, baina aurten bultzatzaileek hainbat urrats praktiko egin dituzte, eta Errioxa sor-markaren kontseilu arautzaileak estatutuetan aldaketa batzuk eginez erantzun die; besteak beste, kontseiluak esklusibotasuna ezarri du eta, horrela, ardogileak jatorri-deitura bat edo bestea aukeratzera derrigortuko dituzte. Bide batez, zailago egin dute atzera deiturara itzultzea, alde egin nahi duena beldurrarazteko.

Errioxa mundu osoan izen handia duen ardo marka da. Horregatik, mahastizain batzuek beste marka bat antolatzea erabakitzen badute, zerbaitek huts egiten duelako da. Kantitatea hobetsi dute, kalitatearen kaltetan. Egoera horrek egungo izendapenaren kudeatzaileak hausnartzera bultzatu beharko lituzke, liskarraren aldeko apustua egin beharrean, orain arte egin duten bezala, besteen erabakiei epaitegietan helegiteak jarriz. Ulertzekoa da Errioxa deiturak ahalik eta mahastizain gehien bildu nahi izatea bere baitan, baina horretarako malgutasun pixka bat behar da, eta, batez ere, indar gutxien duten mahastizainek sumatu behar dute beren eskaerei ere erantzuten zaiela. Izan ere, atzo entzun zen beste eskakizunetako bat ekoizpen-kostuak kontuan hartuko dituen oinarrizko prezio bat ezartzearen gainekoa da. Mahats-bilketa hastear dago eta erreferentziazko preziorik zehaztu gabe egotea ez da, noski, mahastizain txikientzat lasaigarria.

Jarrera politikoa ere esanguratsua izan da: EH Bilduk eta EAJk -azken honek anbiguotasun handiagoz- Arabako mahastizainak babesten dituzte; aldiz, PSEk, PPk eta Errioxako Gobernuak «jokaldi politikoa» egitea leporatzen diete. Erreakzio horrekin erakusten dute ezin dutela jasan herritarrek beren etxaldearen gidaritza beren gain hartzea eta etorkizun hobea lortzeko beren burua antolatzea.