GARA Euskal Herriko egunkaria

Guggenheimek 25 urte beteko ditu erakusketa triptiko batekin

Guggenheim Bilbao Museoak 25 urte beteko ditu urriaren 18an eta urteurrena ospatzeko areto guztiak hartuko dituen erakusketa bat prestatu dute bildumako lanekin. Urriaren 19tik urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Yayoy Kusamaren «Infinity Mirrored Room» lana. (GUGGENHEIM MUSEOA | GUGGENHEIM MUSEOA)

25 urte beteko dira urrian Guggenheim Bilbao Museoaren inauguraziotik. Horretarako, areto guztiak hartuko dituen “Sekzioak/Intersekzioak” erakusketa prestatu dute. Gaika banatutako hiru zatiz osatuta dago, museoaren bildumaren lanez baliatuta. Urriaren 19an irekiko du, urtarrilaren 22ra arte.

Triptiko handi baten moduan sortu dute “Sekzioak/Intersekzioak” erakusketa, elkarren arteko harremana duten hiru gairekin. Hiru gai horiek ardatz hartuta, sortu zenetik gaur egun arte museoak eskuratu dituen funtsen ikuspegi panoramikoa eskaintzen du, lehen aldiz, erakusketa-triptiko honek, antolatzaileen arabera.

Eraikineko solairu bakoitzean bildumaren atal bat dago: “Bizitza materiala”, 105. aretoan (irailaren 8tik ikusgai); “Narratibagintza”, bigarren solairuan (urriaren 19tik aurrera) eta “Historiaren mugarriak”, hirugarrenean (irailaren 20tik aurrera).

“Bizitza materiala”k, lehenengo solairuan, naturaren funtsezko elementuak ditu oinarri. Horrela, elementu hauek historian zehar izandako eraldaketen inguruan hausnartzea da helburua. Besteak beste, Doris Salcedo, Gerhard Richter, Mona Hatoum, Richard Long, Asier Mendizabal, Susana Solano, Itziar Okariz eta Rodney Graham artisten lanak egongo dira ikusgai atal honetan.

“Narratibagintza” atalak, bigarren solairuan, narrazioaren paradigmen ikuspegi hedakorra eskaintzen duten hogei bat artistaren lanak biltzen ditu gaika taldekatutako kronologia baten eta mugimenduen eta estilo anitzen bitartez.

Azkenik, “Historiaren mugarriak” atalak Guggenheim Bilbao Museoaren bi giltzarri ditu protagonista: Frank Gehryren arkitektura, jatorrizko egoera argitsuan, eta bildumako pieza bikainenetako batzuk, XX. mendearen bigarren erdiko artearen historiako une garrantzitsuenak bereizten dituztenak. Esaterako, Jorge Oteiza, Andy Warhol, Jeff Koons eta Jean-Michel Basquiat artisten lanek osatzen dute triptikoaren azken zati hau.

Gainera, urteurrenaren baitan Yayoy Kusama artistaren “Infinity Mirrored Room - A Wish for Human Happiness Calling from Beyond the Universe” lanaren erakusketa irekiko dute 103. aretoan. Lan horrek artistaren haluzinazioetan murgiltzeko aukera ematen dio ikusleari.

Erakusketa osatzeko asmoz, hainbat jarduera prestatu dituzte. Esate baterako, Manuel Cirauqui, Lekha Hileman Waitoller, Maite Borrjabad eta Lucia Agirre museoko arte-arduradunek ibilbide gidatuak egingo dituzte urria eta azaroan zehar.

Erakusketaren osagarri den “Didaktika” proiektua online eta presentzialki garatuko da “Hormek hitz egingo balute...” izenburupean. Museoaren 25 urteko bildumaren eta haren arkitekturaren arteko elkarrizketa oinarri duten bideo, irudi eta testuez osatuta dago egitasmoa, ikuslea pentsarazteko asmoz.