25 SET. 2022 Alokairuekin iruzur egiten duten «artisten galeria» osatu du Aldak Legea bihurritzeko hamaika amarru badira, eta horietako batzuk asmatzeak soilik «irudimen handia eskatzen duela» agerian jarri nahian, erakusketa osatu zuen atzo Aldak Baionan. Euskal Museoaren sarreran zabaldu zuen galeria bisitatu ondoren, hainbat iruzur mota islatzen zuten 14 afixa enkantean erosi ahal izateko parada ukan zuten bisitariek. Alokairu kontratuen iruzur galeriaren sarrera. (Guillaume FAUVEAU) Maite UBIRIA BAIONA Xapito zuriak ezarri zituen Alda mugimenduak Euskal Museoaren atarian atzo antolaturiko erakusketa berezia euriaz babesteko. Taldeak alokairuak arautzeko legeak bihurritzen dituzten iruzurgileen «irudimen handia» agerian jarri nahi izan zuen ekimen umoretsu horrekin. Arropa dotoreak, gorbatak eta kapeluak... Finean, ezohiko janzkera hautatu zuten ekintzaileek guztiz seriosa zen afera aipatzeko. Edozein erakusketaren irekiera ekitaldian bezala, edariak eta pintxoak banatu zituzten, 14 “koadroz” hornituriko galeria ikustera joan ziren bisitarien artean. Amaieran enkantean saldu zuten “obra” bakoitzari izenburu esanguratsua eman zioten antolatzaileek -”Harri bat bi xori”, “Nahas Mahas”...-, alokairu kontratu mota gehienak iruzur egiteko tresna bilaka daitezkeela erakutsiz. «Merkatuan erosketa batzuk egiten ari nintzen eta kurios naizenez bertaratu naiz erakusketa begiratzera eta, egia esan, harritu nau zenbat iruzur aukera dagoen ikusteak», aitortu zion GARAri David Lannesek. «Hau lagin bat baizik ez da, baina lana badu, bai, alokairuaren inguruko iruzurrari aurre egiteko Prefeturak sortu berri duen batzordeak», onartu zuen, bere aldetik, erakusketan aurkezle lanetan jardun zuen Txetx Etxeberrik. Hain zuzen ere, asteartean elkartuko da Baionan Estatu ordezkaritzaren bultzadapean sorturiko batzordea. Bilkuraren bezperan, hiru urteko epean «iruzurrarekin amaituz etxebizitza eskubidea bermatzeko» helburua finkatu zuen Etxeberrik. Aldak proposamen berriak eginen dizkio Euskal Elkargoari ondoko urteko aurrekontuan aintzat hartzeko. BIDE ONETIKAlokairu turistikoen alorrean, Paueko Administrazio Auzitegiak konpentsazio sistemaren inguruan ezarritako etenaldia altxatu izana ontzat eman zuen Txetx Etxeberrik, baita Euskal Elkargoak alokairuen prezioetan eragiteko aurkeztuko duen hautagaitza ere.