GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gizon on eta zuzen bati gorazarre


Justo Atristain Gorosabel zuen grazia. Izenak adierazten duen bezain zuzen eta zorrotza, bi zentzu semantikoetan. Ofizioz eta bokazioz, medikua. Ahots baxu eta lasaia. Duela lau urte isiltasunean zendua. Langile isil, apal, fin eta setatia; elkartasunez leporaino betea. Kartzeletako harresiak ongi ezagutzen zituena, bere laguntza-lan afanetan; hainbertze eta hainbertze presori lagundu ziena, ziguna, hamarkada luzeetako ibilbideetan. Serio eta lagunkoi. Beti prest. Beti erne, gordeleku ilunetako oinaze deiadarrei so.

Duela 40 urte hasitako bere, haien, laguntza lanean -Justo, Jabi, Joxe, Krispin zena koinata...- azken eguna arte iraun zuena. Bihotz zimikoek eraginda, isil, apal eta temati iraun zuen bere elkartasun-maitasun afanetan, gaitzak hartu eta beti bezain isil eta temati joan zitzaigun arte. Baina bere ekintzen burrunba betiko geratuko zaigu bihotzean. Eta bere egitateen danbadek luze jotzen gaituzte oraino garai likido honetan, non elkartasuna, konpromisoa, barne sentimendu eta konbentzimenduekiko leialtasuna, behartsuekiko edo zapalduekiko enpatia gisako kontzeptuak guztiz debaluatuta dauden. Indibidualismoa nagusi den jendarte honetan, non egunetik egunera zabaltzen, hedatzen, bultzatzen, proiektatzen, lehenesten, hauspotzen eta saritzen diren krisi pertsonalak, penak, lan militanteari buruzko barne egonezinak, zalantza pertsonalak eta gisa horretako kontzeptuen aldarrikapenak.

Bazuen helburu bat: sufritzen zuten pertsonen sufrimendua borrokatzea eta oinaze behartuak garaitzea. Bazuen konbentzimendu bat: bere eta bera bezalakoen lana guztiz beharrezkoa zela zigor eta urraketa krudelak jasaten duten presoen egoera leuntzeko. Hori zen bere laguntzeko era. Hori zen bere maitatzeko era. Luzea zen, bere konpromiso maila erraldoia kabitzeko gisan. Zorrotza zen, bere buruarekiko eta inguruarekiko. Langilea zen, nekaezina, lan ikaragarriaren tamaina berekoa eta bere lagunekin batera hasi zen elkartasun haria ehuntzen. Elkartasunezko zilar-hari baten hasmentako muturra osatzen zuten eta segida luzea izan dute: Koldo, Iñaki, Sara, Jabi, Olga, Kiran, Maritxu... Boluntarioki, inork agindu gabe, bete zutenak eta betetzen jarraitzen dutenak haien kontzientziak galdetzen dietena. Sariaren beharrik gabe. Aldarrikapen mediatikorik gabe. Baldintza negargarrietan aunitzetan. Bihotzak, eta bertze inork ez, agintzen dienari kasu eginez betiere.

Miren, Amaia, Mati, Esti, Ana, Mari Kruz, Unai, Jose Mari, Oihana, Markel, Itxaso, Nerea, Xabier... Ezti tantak zapalketa krudelaren artean; sendagaiak oinaze gatibuaren erresuman; ausartu zirenak Izuaren gordelekuetako eremu lazgarrietan sartzen, atzapar beltzetan harrapatu berriei presentzia askatzaileak eskainiz, torturaren orbanak fiskalizatuz; senideen kontsolagarri; espetxe sistema hertsi krudelaren salaketari... Ixone, Nagore, Olatz, Inma, Ainara, Luis, Gorka, Jon, Esther... Hamaika aldiz isilduak, bertze hainbertzez debekatuak. Beti lanean, beti prest, beti presente. Irribarre batekin, borondate tinko batekin kartzelarien traba eta mehatxuen aitzinean... Aitor, Garazi, Nahia, Marian, Fernando, Rafa, Josean, Arantza...

Justo, Jabi, Joxe, Krispin... Kartzelak, distantziak eta bihotzak gurutzatuko zituen elkartasun zilarrezko hari baten hasmenta.

Justo Atristain Gorosabel zuen grazia, gizon on eta zuzena zena.