GARA Euskal Herriko egunkaria
XAKEA HANKAZ GORA

Carlsen-Niemann: bi pitbull tranpa salaketen polemika baten erdian

Xakearen mundua aztoratuta dabil, eskandalu betean. Dena lokaztuta dago. Munduko txapelduna eta meteoritoaren pare gora egin duen prodijioa, aurrez aurre, elkarri mokoka dabiltza tranpa salaketen erdian. Carlsenek berretsi du Niemannek tranpak egiten dituela, ez soilik gaztea zenean; estatubatuarra, bestalde, biluzik jokatzeko prest agertu da bere errugabetasuna erakusteko.

(Arun SANKAR | AFP)

Magnus Carlsen, Norvegiako Maisu Handia eta gaur egungo txapelduna, eta Hans Niemann 19 urteko estatubatuarra dira protagonistak, baina teoria konspiratiboak, tranpa eta joko zikin salaketak eta diruak, online egiten diren apustuen diruak, dena baldintzatzen dute. Giroa, susmoak… lokatza da nagusi xakearen unibertsoan.

Aurrekarietara jo behar da polemika hau osorik ulertu ahal izateko. AEBetako St. Louiseko Sinquefielf xake txapelketa ospetsura. Carlsenek, askoren ustez historiako jokalaririk handienak, bi urtez ez zuen partida bat ere galdu; xake klasikoan 53 zeramazkien segidan irabazita. Aurrean Hans Niemann gaztea zuen, prodijio bat, 12 urtetik 16 urtera on-line partidetan tranpak egiten harrapaturikoa, «baina sekula ez xake taula erreal batean». Carlsenek zurien abantaila zuen, gainera: lehen mugimendua egitearena. Eta hala ere, Niemannek, beltzekin, sekulako partida eginez, aise irabazi zion.

Xakearen munduan azken 50 urteetan egin ez dena egin zuen orduan Carlsenek. Sinquefielf-eko txapelketatik erretiratu zen. Eta Twitterren mezu bat argitaratu zuen, polemika leherrarazi zuena: «Txapelketatik erretiratu naiz, beti gustatu zait hemen jokatzea, etorkizunean bueltatzea espero dut». Baina bideo bat erantsi zien letra horiei, Jose Mourinho futbol entrenatzailearena, non horrek «nahiago dut ez hitz egin; izan ere, arazo larriak izango ditut, hitz egiten badut» zioen. Elur-bola handitzen hasi eta elur-jausia geldiezina da dagoeneko.

Mezu horrekin, Carlsenek garbi esan gabe baina argi iradoki zuen Niemann tranpatia zela. Horrek, aldiz, duela urte batzuk tranpak egin zituela aitortuta, «orain garbi nago» zioen, eta Carlseni bere «karrera profesionala zapuztu nahi» izatea egotzi zion; munduko 41. jokalariak irabazi izana jasangaitza zitzaiola, eta galtzaile txarra eta pertsona okerragoa izateaz salatu zuen. Are, bere errugabetasuna erakusteko, «ni erabat biluztea nahi badute, xakean biluzik jokatzeko prest» dagoela aipatu zuen.

Bitartean, polemika sare sozialetara zabaldu eta mota guztietako konspirazioen iturri bilakatu da. Niemannek ipurzuloan txipak sartu zituela, edo perla magnetikoak gorde zituela, edo prostataren masaiak egiteko gailua, jostailu sexualak… Elon Musk bera ere batu zen akelarrera ipurzuloko txipen historiari sinesgarritasuna emanez, nahiz eta gero mezua ezabatu zuen.

FIDE-k, xakeko nazioarteko federazioak, Carlsenen jokaera salatu baina xakean tranpa egiteaz kezka adierazi du. Yuri Kasparov maisu handia aztoratuta azaldu da eta Carlseni azalpenak emateko eskatu dio. Carlsen zigortzera deitu dutenak ere badira, «salatari faltsua» dela eta «nahita partidak galtzea kirol espirituaren aurkakoa dela» iritzita.

Asteartean eman zituen Carlsenek azalpen berriak, eta gasolina gehiago bota zuen sutara. Zuzenean salatu du Hans Niemannek tranpak egiten dituela, eta ez bakarrik gazteagoa zenean: orain arte tranpetan ibili dela adierazi du. Bere igoera meteoritikoa «ezohikoa» dela adierazi du eta beltzekin irabazi zion partidan Niemann ez zegoela estu, ezta «posizio kritikoetan erabat kontzentratuta ere», gaineratu du. Are, aurrerantzean ez duela Niemannekin ezta tranpetan aritu den beste inorekin ere jokatuko esan du. Xakean ugaritzen ari omen diren tranpen aurrean neurriak eskatu ditu Carlsenek, «jokoarentzat mehatxu existentziala» delakoan.

Informazio gehiago emango duela ere aurreratu du, «bere momentuan», eta bere ekintzekin xakearen komunitatea «mindu» duela aitortuta ere, tranpen gaitza sendatzeko pasatu beharreko mina dela aipatu du. Niemannek, bestalde, Carlsenek «pena ematen» diola esan du eta bere errugabetasuna erakusteko «biluzik jokatzeko» prest dagoela berretsi du.