GARA Euskal Herriko egunkaria

Rubens, Bilbo eta Baionako museo zaharren «modernizazioaren» lekuko

Azken garaian, Baionako Bonnat-Helleu eta Bilboko Arte Ederren Museoa handitze eta berregituratze lanetan ari dira buru belarri. Bakoitza, bere gorabehera eta arazoekin; bakoitza, bere itxaropenekin eta hauspotzen diren eztabaidekin. Euskal Herriko bi museo zaharrenetarikoen arteko lankidetzaren lehen urratsa eman da eta Rubensen zirriborroen inguruan sortu da.

Bi gazte, Rubensen klasikotasunari so. Erakusketa doan ikusi daiteke. (Oskar MATXIN | FOKU)

”Rubensen zirriborroak Baionako Bonnat-Helleu museoan” erakusketa txikia Bilboko Arte Ederren Museoaren Obra Gonbidatuaren programan ikusgai dugu datorren urteko urtarrilaren 22ra arte. Museo zaharraren gela batean kokatu dute -atzo zabaldu zituen ateak-, eraberritze lanek irauten duten bitartean zabalik egongo den museoaren hegalean. Doan ikusi ahal izango da.

«Kulturaren garapenaren eragile behar dute izan museoek. Eta, era berean, hiri-garapenaren eragileak», aipatu zuen Juan Mari Aburto alkateak atzo Bilboko Arte Ederren Museoan egin zen aurkezpen ekitaldian. Ondoan Jean-René Etchegaray zuen, Baionako alkatea eta Euskal Hirigune Elkargoko presidentea, baita Lapurdiko hiriburuko Bonnat-Helleu museoko ordezkaritza bat ere.

Baionako museoak Bilbokoari maileguan utzi dizkion Rubensen zirriborroak izan ziren ekitaldi eta elkartze instituzionalaren isla. Alkateen hitzen arabera, zabaldu den bide hau elkarren arteko lankidetza lerro berri baten hastapena baino ez da. Hain justu, «Bilborekiko eta bere kulturarekiko sortze-akta erabakigarritzat» jo zuen Etchegaray alkateak atzoko ekitaldia.

«Proiektu faraonikoak»

Azken urteotan, Bilbo eta Baiona «proiektu faraonikoetan» murgildu dira, Baionako alkateak berak aitortu zuenez. Kultura eta turismo kulturala ardatz eta hauspo dituzten proiektuak dira. Duela urtebete, Baionak Bonnat-Helleu museo berria eraikitzeari ekin zion. 28 milioi euroko aurrekontuarekin, eraikin zaharra handitu egingo da, XXI. mendeko museo baten eskakizunei erantzuteko behar adinako azalera izateko beharrak bultzatuta. Esaterako, gaur egungo 2.000 metro karratuen azaleratik 4.000 izateraino pasatuko da. Baiona Ttipia “museoen auzo” bihurtu nahi dute, finean, Euskal Etnografiako eta Historiako museoa hurbil izanik, eta era horretan auzoa bizitza berriarekin hornituko da. Eraberritzea bukatzeko data: 2024a.

Bilbokoa ere eraberritze lanetan murgilduta dago. Urriaren bukaeran hasiko dira fase berriko lanak, baina, bien bitartean, Miguel Zugazak aipatu zuenez, zabalik eta lanean jarraitzeko asmoa dute. «Museo txikiagoa izango da, baina bizirik jarraitu nahi dugu», aipatu zuen museoko zuzendariak.

Lagin hau Léon Bonnat (1833-1922) mezenaren heriotzaren mendeurrenarekin batera iritsi da. Bonnatek sorterriari utzi zizkion funtsetatik sortutako museoa -Paulette Howard-Johnstonek Paul Helleu (1859-1927) aitaren lanak utzi zizkion Baionari- ospetsu bihurtu da nazioarte mailan, hartzen dituen egile ospetsu eta lehen mailakoen marrazki eta zirriborroengatik. Bilbora ekarri dituztenak historiako pintore nagusietako batek eginikoak dira: Rubensen zirriborro sorta bat bildu da, egileakMadrilgo Paradako Dorrerako prestalan modura sortu zituenak. Lan horiez gainera, Errege Oinutsen monasteriorako 20 tapizetako baterako egindako beste zirriborro bat dago eta, azkenik, Paulus Pontiusen (Anberes, 1603-1658) hiru erreprodukzio-grabatu ikus daitezke, bilduma partikular batekoak.