GARA Euskal Herriko egunkaria

Abiadura errekorrak egitea, joko bat besterik ez Benjamin vedrinesentzat

Benjamin Vedrines mendiko gida eta alpinista frantsesak lehen aldia izan du zortzimilakoetan, eta, oro har, jendartea harritu du Broad Peak mendian sinatutako abiadura errekorrarekin (7 ordu eta 28 minutuko denbora), gailur horretatik parapentean eginiko hegaldiarekin eta K2 mendian izaniko esperientziarekin.


Udaran Pakistango mendietara eginiko espedizioaren ondoren, Benjamin Vedrines izar handi bihurtu da. Azken urteotan, hedabide espezializatuetan oihartzun zabala izan du; batez ere, Alpeetan burutu dituen jarduerengatik. Baina esan dugun bezala, duela pare bat hilabete alpinista frantsesaren izenak indar handia hartu zuen.

Zortzimilakoetan lehen esperientzia izan zela kontuan hartuta, jarduna indartsua izan zen. Hala ere, Pakistandik bueltan azaldu nahi izan du, arrakastaz gain, presioak, estresak eta beldurrak… leku sendoa izan zutela espedizioan.

Udararen hasieran, Vedrinesek Pakistanera bidaiatu zuen beste kide batekin. Broad Peak-eko hegoaldeko ertza xede zuen; izan ere, oraindik igo gabe dago. Zortzimilakoetan lehen bisita zuenez, lasai hasi nahi izan zuen. Presiorik ez izateko, zortzimilako hori ohiko bidetik igotzea otu zitzaion: «Erronka fisiko bat gehitu nahi nion; hots, igoera azkar bat. Hurbilketa bidea egiten ari ginela, elur asko topatu genuen. Ondoren, hamabost eguneko leiho ikaragarri on bat azaldu zen. Kanpaleku nagusira heldu eta girora egokitzen hasi ginen. Ibilbidean hainbat biltegi antolatu genituen. Gainera, mendi horretako lehen sekzioak ezagutzeko lagungarria izan zen. Horrez gain, irteera bakoitzean aukera izan genuen geure parapenteak zabaltzeko. Horrek, bederen, hain erakargarria ez den egokitze fasea leundu zuen. Lehen eta hirugarren kanpalekuen artean jardun genuen. Gainera, ia bakarrik geunden; xerpak oraindik ez ziren iritsi. Ederra izan zen!».

Fase hori amaitzen ari zirela, bakterio batek frantsesa harrapatu zuen eta gaixo jarri zen. Osatu zenean, berriz, aukera izan zuen bi eguneko igoera batean Broad Peak-eko gailurra zapaltzeko. Horrek asko lagundu zion hurrengo helburua zehatz-mehatz prestatzeko. Zortzimilakoaren aldatsak ezagutzen zituen, eta eguraldi leiho onak ez zuen handik joateko asmorik. Egun gutxi batzuetara, alpinista prest zegoen helburu nagusia hasteko: «Lehen igoeran asko sufritu nuen, besteak beste, erabat osatu ez nintzelako eta mendiaren baldintzak ez zirelako onak. 7.800 metrotik aurrera estresatuta nengoen; ez nekien nola erantzungo nuen garaiera horretan. Zalantzak izan nituen aurrera jarraitzeko. Leher eginda eta beldurtuta nengoen. Gailurra egin, 7.500 metrora jaitsi, parapentea zabaldu eta kanpaleku nagusira onik iritsi nintzen».

Ondoren, hamar eguneko atsedena hartu zuen. Nahiz eta esperientzia ez zen batere ona izan, Vedrinesek ekinaldi bat egin nahi zuen abiadura errekor berria ezarri ahal izateko. Bitartean, François Cazzanelliren bisita jaso zuen; hots, aste batzuk lehenago Nanga Parbaten abiadura errekorra ezarri zuen kidearena.

Biek ala biek asmo handi horrekin bat egin zuten, eta erronkari ekin zioten. «Asko motibatu ninduen François agertzeak. Horrek erakusten du ez garela ergelak. Ni helburu horrekin erabat prestatu nintzen. Agian nire kidearentzat, Nanga Parbaten arrakasta lortu zuen-eta, ez zen hain garrantzitsua. Hortaz, gure artean ez zen lehiarik izan. Nik ia bi kiloko motxila eraman nuen; Françoisek, aldiz, laukoa. Ez ginen egoera berean igo. Azkenean, mendizale britainiar bat erortzen ikusi zuenean, xedea alde batera utzi zuen. Pixka bat traumatizatu zen», adierazi zuen alpinista frantsesak.

Vedrinesek aurrera egin eta 7 ordu eta 28 minutuko denborarekin igo zuen. Baldintza onak zeudenez, parapentearekin jaistea lortu zuen. Jaitsiera oinez egin ez zuenez, batzuek leporatu diote, parapentean jaisteagatik, energia asko aurreztu izana aurrez aurre zuen igoerarako: «Ez nago ados; nik ez nekien gailur horretatik parapentea zabaltzeko aukera izango ote nuen. Oso aleatorioa da. Kontua ez da igoera bat edo beste bat konparatzea. Garaiak, tresneriak zein mentalitateak ezberdinak dira. Nire kasuan esan dezaket bero egin zuela, baina izotz askorekin egin nuela topo. Mendiko errekorrak dira; joko bat besterik ez da».

K2 mendian, ezin

Broad Peak mendian sinatutako denbora ikaragarriaren ondoren, frantsesak ez zuen inolako asmorik etxera itzultzeko. Beste bat lortu nahi zuen K2 mendian. «Garaiera horretan beste erronka bat aurrera eramatea oso erakargarri egin zitzaidan. Alta, zalantzak nituen; batez ere, “Botila Lepoa” sekzioko serac erraldoiarekin. Errekorra egiteaz gain, parapentean salto egin nahi nuen, orain arte inork ez baitu erdietsi. Zoritxarrez, eguraldia ez zen oso egonkorra izan», azaldu zuen Vedrinesek.

Hasieran, krono ona egiten ari zen, baina une jakin batean egoera asko aldatu zen: «Dezepzionatuta nengoen. Ia atzera egin nuen. 8.300 metrotan nintzela, nekatzen hasi nintzen eta oreka galdu nuen. Hortik aurrera ez dut ezer gogoan. Izotzezko aldats batean nenbilen kranpoiekin borrokan. Ez dakit non egin nuen atzera. Agian, buruko edema bat izan nuen; ez nago ziur. Oreka berreskuratu nuen eta bi alpinistekin elkartu nintzen. Oxigenoa eman zidaten, eta, ondoren, poloniar batek soka finkotik jaisten lagundu zidan».