GARA Euskal Herriko egunkaria
CHALLENGER SERIES

Hasi da Portugalen CS zirkuituko bosgarren txapelketa

Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketa hasi da Portugalen. Bertan dira Euskal Herriko bederatzi surflari. Aste osoa iraungo du txapelketak.

Ribeira d’Ilhas eskuin olatu famatuan ari dira lehian CSko lehiakideak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Atzo hasi zen EDP Vissla Pro Ericeira txapelketa Portugalen. Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketa Ribeira d’Ilhas eskuin olatu famatuan egiten ari dira eta bertan parte hartzeko aukera dute Euskal Herriko bederatzi surflarik. Mutilen CS zirkuituan 96 surflari lehiatzen dira eta horien artean da Adur Amatriain zarauztarra, baina Portugalen beste bi lagun batu zaizkio, Aritz Aranburu zarauztarra eta Andy Criere hendaiarra, gonbidapen wildcardei esker lehiatzeko aukera eskaini baitzaie.

Mutilen lehen erronda egin zuten atzo, guztira 24 txanda. Aranburu lehen txandan itsasoratu zen eta kaleratua izan zen. Crierek, ordea, bigarren errondara pasatzea lortu zuen. Amatriain azken txandan itsasoratu zen eta artikulu hau idaztzi bitartean oraindik ez zuten emaitza argitaratu.

Nesken kategorian, ostera, 64 lehiakide dira CS itzulian eta horien artean daude Pauline Ado hendaiarra, Nadia Erostarbe zarauztarra, Garazi Sanchez-Ortun getxoztarra eta Ariane Ochoa eta Leticia Canales bilbotarrak. Posible da nesken lehen erronda gaur bertan egitea, atzoko baldintza berberak aurreikusten baitira.

Uztailaren 29an eman zuen aditzera WSL erakundeak urrian Hossegorren egitekoa zen Challenger Series itzuliko seigarren txapelketa ez zela egingo. Aurtengo denboraldian Frantzian egitekoa zen txapelketa garrantzitsu bakarra zen eta bertan behera geratu da.

Gauzak horrela, aurtengo CS zirkuitua osatzen zuten txapelketa kopurua zazpira jaitsi zen eta kontuan hartuko den txapelketa kopurua ere bostetik laura jaitsi zen. Hau da, aurtengo sasoia amaitzean CS itzuliko lehiakideek lortu dituzten lau emaitza onenak hartuko dira kontuan rankinga osatzeko, eta, horren ostean, mutilen rankingeko hamar lehiakide onenek eta nesken rankingeko bost lehiakide onenek eskuratuko dute datorren urtean lehen mailan (CT) aritzeko pasea.