GARA Euskal Herriko egunkaria

Soula euskaraz, zortzi kantuko lan berrian

Laukote soulzalearen estreinako lan luzea da, freskoa eta txinpartatsua. Soul musika euskaraz sortzea izan da haien apustu nagusia. Zortzi kantuk osatzen dute albuma eta natura, maitasuna eta aldarrikapen sozialak nagusitzen dira letretan.

Arima Soul taldeko Makala, Insausti eta Gaztanbide, albuma aurkezten, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Arimarekin entzutekoa» omen da Arima Soul taldeak Elkar ekoiztetxearekin grabatutako bere lehen albuma. Ostiralean aurkeztu zuten CD, LP eta formatu digitalean. Soul soinuak euskaraz sortzea da taldearen helburu nagusia. Aurreko lanekin alderatuz garapena ikusten dela uste du Lidia Insausti abeslariak: «Definizio puntu bat gehiago du, pertsonalagoa da».

Lidia Insaustik (ahotsa), Mikel Makalak (baxua), Paul Martinek (teklatua) eta Gorka Gaztanbidek (bateria) osatzen dute taldea.

Aurkezpenean aitortu bezala, zaila da musika estilo bakarrean definitzea sortzen duten musika, baina beraiek neo-soul gisa definituko luketela esan zuten. Blues, soul, funk eta jazz groove iturrietatik asko edan dutela adierazi zuen Makalak, eta albumeko zortzi abestietan estilo horietako piezak ere aurkitu daitezke.

60 eta 70eko hamarkadetan Ameriketako Estatu Batuetan egiten zen musika erreferentziatzat hartu izan dute, baina beraien helburua estilo hori landu eta euskarara ekartzea izan dela azaldu zuen taldeko baxu-jotzaileak. Egungo musika eszenari begiratuta, «soul garaikidea» sortzen dutela azpimarratu zuten.

Hitzen inguruan mintzatu zen Insausti, eta abestietako letrak hiru zutaberen baitan eraiki ohi dituztela azaldu zuen: natura, maitasuna eta hausnarketa edota aldarrikapen sozialak.

Naturako elementuak oso presente daude laukote soulzalearen kantuetan; “Ilunabarra” abestia horren adibide argiena dela adierazi zuten: «Ipuin bat balitz bezala dago kantua, metaforaz beterik». Pieza guztiek dute maitasunarekin lotura; “Zerbait” abestiak «puntu erromantikoa eta sexya» du adibidez, abeslariaren iritzirako. Aldarrikapenekin lotutakoetan, “Gu andereak” kantua da «berezienetakoa», taldearen ustez; emakumeen ahalduntzeaz hitz egiten du, eta, sareratu berri den bideoklipean ikus daitekeen bezala, adin eta eredu desberdinetako emakume asko elkartu ditu. «Behar dugun eta merezi dugun tokia aldarrikatu nahi izan dugu; urrats asko egin dira, baina asko dago egiteko».

Kolaboratzaileak

Laukotea ez da lanean bakarrik aritu, zenbait kolaboratzaile izan dituzte ondoan. Lide Hernandoren eta Noa Egigurenen koruak entzun ditzakegu “Gu andereak” eta “Lokatza dantzan” abestietan.

Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeko Ion Celestino tronpeta-jotzaileak eta Adrian Martinez tronboiak ere hartu dute parte albumean, “Arima du” eta “Gu andereak” kantuetan, hain zuzen ere. «Abestiei sekulako indarra eman zieten», Makalaren ustez. Bartzelonako Lalo Lopezen gitarra ere entzun dezakegu kantu batean baino gehiagotan.

Musikan ez, baina «ezinbesteko» bidelagun izan dute Txarli Brown Bartzelonako diseinatzailea. Zuri-beltzean osatu dute azala: «Batetik, zuriak garelako musika beltza egiten. Eta, bestetik, azken proiektu hau momentu ilun batean abiatu zelako, pandemia tarteko».

Victor Sanchezi esker biribildu zuten soinua, taldearen esanetan. Elkarreko estudioan grabatu zen eta Gaztanbidek adierazi zuen estudioko lanak «xarma berezia» izan zuela, duen akustika onagatik zein kokalekuagatik.

Aurkezpen bira

Datorren ostiralean hasiko dute aurkezpen bira, Imanol Lartzabal aretoan, Donostian. Kontzertu berezia izango dela aitortu zuten, «gonbidatu eta sorpresa» batzuk izango direlako. Aurki iragarriko dituzte datozen kontzertuak, baina Aretxabaletan, Chillida Lekun, Durangon eta Getxon izango direla aurreratu dute.