EDITORIALA

Okupatzailea eta okupatua ez dira gauza bera

Ia egunero Israelgo Armadak palestinarren bat hil edo zauritzea halako normaltasunaren erakusle dela pentsa liteke, nazioarteko erreakzioak ikusita. Atzo, Ekialde Ertaineko bake prozesurako NBEko koordinatzaileak adierazi zuen oso kezkatuta zegoela Zisjordaniako egoera zela-eta: «Zisjordania okupatuko gero eta indarkeria handiagoa beldur, gorroto eta amorru giroa elikatzen ari da». Jerusalem ekialdeko Shuafat errefuxiatu-esparruan palestinar batek soldadu israeldar bat tirokatu eta hil zuen egunean egin zituen adierazpen horiek, eta Israelgo eta Palestinako agintariei lasaitasuna berrezartzeko eta tentsioaren igoera saihesteko eskatu zien.

Baliteke kasualitatea izatea, baina palestinarren ohiko heriotzek normalak diruditen bezala, soldadu israeldar baten heriotzak ehundik gora palestinarrenak baino alarma bizkorragoa eragiten duela dirudi. Hala ere, ez da zilegi bi aldeak, edo bien erasoak, maila berean jartzea. Eta ez kuantitatiboki bakarrik. Atzo goizaldean hil zen soldadua Jerusalem okupatuan jarduten duen Mugetako Poliziako kidea zen, eta haien lurretatik egotzitako palestinarren ondorengoak bizi diren lekuan hil zuten. Larunbatean hil ziren palestinarrak Zisjordania okupatuko errefuxiatu esparru batean zeuden, egun batzuk lehenago Israelgo Armada okupatzaileak beste bi palestinar hil zituen leku berean, Zisjordaniako beste leku batzuetan adin txikiko beste bi palestinar hil zituen modu berean, aurten Zisjordanian hil dituzten beste ehundik gora bezala. NBEko koordinatzaileak berak esan zuenez, soldadu israeldarren operazioak Palestinako Aginte Nazionalaren administraziopeko inguruan ere izaten dira; Israelgo Armadak baimenik gabe sartzerik ez duen lekuetan, hain zuzen.

Ezin dira maila berean jarri okupatzailea eta okupatua. Duela zenbait hamarkadatik NBEren ebazpenei muzin egin izan diena eta okupazioa eta jazarpena jasaten dituena nazioarteak ezin ditu berdin tratatu, are gutxiago erasotzailearen jokaera zuritu. Horren erakusgarri, joan den astean Madrilgo Kongresuak bideratu zuen ekimena, PP eta Vox alderdiek Madrilgo Asanblean bultzatutakoa eta, giza eskubideen defentsaren izenean, Israelen eskubide urraketak salatzea kriminalizatu nahi duena «antisemitismotzat» jota.