GARA
TAIPEI

Mendebaldeko ereduari eutsiko diola adierazi du Taiwanek

«Taiwanek ez die inoiz uko egingo bere bizimodu demokratikoari eta askatasunei», ohartarazi zion Txinari Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak.

«Tamalgarria da larderia militarraren, presio diplomatikoaren, oztopo komertzialen eta Pekinen aldetik gure subiranotasuna ezabatzeko ahaleginen gorakada. Horrek guztiak Taiwango itsasartean eta eskualde osoan bakea eta egonkortasuna lortzeko statu quoa mehatxatzea baino ez du lortu», esan zuen Tsaik, Taiwango Egun Nazionalean egindako hitzaldian. Tsairen arabera, alderdi politiko taiwandarren artean adostasun zabala dago subiranotasun nazionala eta «bizimodu aske eta demokratikoa» defendatzeko. «Ez dago inolako amore ematerik», gaineratu zuen. Taiwango agintariak Pekini eskatu zion «Taiwango sistema demokratiko indartsua» ez gutxiesteko eta «Taiwango gizartea zatitzen» ez saiatzeko, horrek «bi estatuak gehiago aldentzea besterik ez baitu ekarriko».

«Gatazka armatua ez da aukera bat bi aldeentzat», adierazi zuen Tsaik. «Taiwandarrok gure subiranotasunarekin, gure demokraziarekin eta gure askatasunekin dugun konpromisoa errespetatuz soilik berreskura daitezke itsasartearen bi aldeetako interakzio eraikitzaileak».

Bestalde, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren pare jarri zuen presidente taiwandarrak uhartearen kontrola hartzeko Pekinen nahia.

Haren esanetan, «hedapen militar horiek munduko ordena aske eta demokratikoaren aurkako desafioa dira». Horren aurrean prest egongo direla gaineratu zuen: «Ezin dugu ezer zoriaren esku utzi; gure demokrazia defendatu behar dugu, eta zuhurtziaz prestatu, edozein gertakizunen aurrean erantzuteko».

Txinaren eta AEBen arteko gatazkan gako nagusietako bat da Taiwan, batez ere Washington uhartearen arma-hornitzaile eta aliatu militar nagusia delako.