GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Ikusgune


Pandemiaren ostean normaltasunez hasi den lehen ikasturtea da. Konfinamendu garaian nabarmen jaitsi omen ziren sexu eta genero oinarria zuten bullying kasuak. Izan ere, erasotzaileek euren jokaera txalotuko duten publikoa izatea garrantzitsua da praktika honetan. Normaltasunean, binarismoaren banaketa injustuan oinarritutako normaltasunean, oihu matxistak entzuten dira ikasle-egoitza bateko leihoetatik, eta futbolari eredugarri batzuek marikoien inguruko txiste zaharkitu bezain iraingarriak egiten dituzte. Baina normaltasuna, askatasunaren sinonimoa omen da.

Bien bitartean, Madrilen, Estatu mailako trans legearen azken urratsak egin diren bitartean, zenbaiten atzerapausoak nabarmendu dira. Azken hilabeteotan ustezko ahots feministetatik etorritako transfobia mezuek tokia izan dute berriz ere, non eta denen askatasuna bermatzeko legeak onartu beharko liratekeen espazioan.

Konfinamendu garaiko zenbait momentu nostalgia apur batekin gogorarazteko arriskuan erortzen ari naizelarik, Ikusgunek, LGTBIfobiaren aurkako behatokiak, egoitza berria zabaldu du. Eta kalean egin dute, non eta Gasteizko Pintoreria kalean, kolore guztien adierazgarri. Ezin diogulako gutako inori galtzen utzi, gerra berean gaudelako.