GARA Euskal Herriko egunkaria

Alegia


Aurrekoan, lagunarteko bazkarian, hitz baten erabileraren gaineko jakin-mina azaldu zuen otordukide batek. Mahaiaren bueltan, bilbotarrak eta giputxak; euskara gaztetan ikasiak batzuk eta besteak etxean jasotakoak. Lagunari deigarria egin zitzaion kosta aldekoak zenbat aldiz erabiltzen zuen “alegia” hitza; eta, are deigarriagoa, beti ez zuela erabiltzen esanahi berarekin, edo hori iruditu zitzaion. Giputxari, berriz, deigarriak egin zitzaizkion galdera horiek; izan ere, bera ez baitzen ohartzen erabilera horretaz, ez non erabiltzen zuen edo zergatik, ezta esaten zuenik ere batzuetan. Erabat automatizatuta zuen, alegia, natural-natural erabiltzen zuela. Hala ere, sinonimoak erabiliz, saiatu zen hitzaren polisemia azaltzen: «Batzuetan adibidez da; besteetan beharbada; bestetan ba… belarriak eskatzen duelako…». Guztiok heldu genion solasaldi sasifilologikoari. Bilbotar lagunak zorabiatzen hasiak ziren giputxen azalpenekin. Bazkalosteko jarraipen edangarria aurrera zihoan bezala, ordurako bestelako gaietan sartuak, giputx gizagaixoak bere hizketaldietan zenbat “alegia” erabiltzen zituen hasi ginen kontatzen disimuluan; eta ze adiera desberdinekin. Eta ez ziren gutxi. Bilbotarrek argi ondorioztatu zuten sarri erabiltzen dela eta modu desberdinetan; saiakera bat edo beste egiten ere hasi zirela.

Ahozkotasuna mundu magikoa da. Hitzen jolasa da. Esanahien unibertsoa. Entzulea nahigabe blaitzen duena, bereganatzen. Baina ezinbesteko baldintza behar du hori gerta dadin: erabilera, alegia.