GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

«Gaslight»


Berriki zendutako Angela Lansburyren karrera zinematografikoaren hasiera izan zen film hau, orduan hemezortzi urte besterik ez zituela. Espainian, nahiz eta Latinoamerikan “Luz que agoniza” izenburuaz zabaldu, “Luz de gas” izan zen hedatzeko hautatu zen leloa (egia esan, jatorrizko ingelesezko izendapenetik askoz hurbilagoa izanik). Patrick Hamilton idazleak sortutako “Gas Light”-en antzezlanean oinarritu zen George Cukorrek zuzendu zuen 1944ko filma eta Charles Boyer, Ingrid Bergman eta Joseph Cotten izan ziren aktore nagusiak. Ingrid Bergmani, bide batez esanda, Oskar saria eman zioten bertan egindako lanagatik.

Hain zuzen ere, bi ezkonberri (Charles Boyer-ek eta Ingrid Bergmanek antzeztuak) andrearen izeba hil berri baten etxera bizitzera joaten direla kontatzen da, baina berehala hasten da emakumea gauetan ganbaratik datozen zarata bitxi batzuk entzuten, ezkonberria erabat izutzen dutenak, gasaren argia apaltzen den bitartean. Beraz, argi aldaketa horrekin eta senarraren etengabeko presioarekin emakumea atsekabetuz doa, zeharo erotuta dagoela sinetsi arte.

Harreman horren alderdirik interesgarriena senarrak emazteari egiten dion etengabeko manipulazioa da. Senarrak berak ematen dio emakumeari inguruan jasotzen den informazio guztia hura gero eta gehiago isolatuz, pixkanaka-pixkanaka, andereak senarraren usteak bere egin ditzan. Horrela, emakumeak senarrak eman ohi dizkion iritziak birsortzen ditu eta, ondorioz, berezko ideiak eta ekimenak galduz doa, eta, horrekin batera, pentsamenduaren erabateko menpekotasunean erortzen da. Thriller psikologiko klasiko bat da. Suspense-kontakizun kitzikagarria. Eszenaratzean dotorezia eta dramatikoki giro zapaltzaileak sortzeko abilezia nabarmena lotzen dituena.

Angela Lansbury hil berriaren aitzakian filma berriz ikusi dudanean, egun gasaren inguruan sortzen ari den iritzi manipulazioa etorri zait burura. Jakin badakigu giro zapaltzaileak sortzen duela pentsamenduaren erabateko menpekotasuna eta, horrekin batera, norberaren berezko ideien eta ekimenen galerak informazio guztia ezkutatzen duela eta, azkenik, ukatzen diren eztabaidak ez gauzatzeagatik, denok gero eta isolatuago bihurtzen garela.

Egungo errealitatea ere thriller psikologiko klasiko bat ere bada, suspense-kontakizun kezkagarria, Angela Lansburyk, gure gogoan ezkerreko protofeminista, famatu zuen Jessica Fletcher andereak akordura dakarkiguna.