GARA Euskal Herriko egunkaria

«Helburua gertu», 17 talde izango dira Hatortxu Rock jaialdiaren 27. edizioan

La Furia, Mafalda, El Trono de Judas, Nøgen, Bulego, Angelus Apatrida, Soziedad Alkoholika, Merina Gris, Skakeitan, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Afu, Tremenda Jauría, Odei Barroso, DJ Plan B eta Raimundo el Canastero izango dira Hatortxu Rock jaialdiaren 27. aldiko protagonistak. Abenduaren 17an, Atarrabian eginen dute elkartasun jaialdiaren edizio berria, «Gertu» lelopean.

Udako edizioan jendetza bildu zen Atarrabian egindako Hatortxu Rocken. (Idoia ZABALETA | FOKU)

“Gertu” lelopean, hamazazpi talde igoko dira abenduaren 17an, Hatortxu Rocken taulara. La Furia, Mafalda, El Trono de Judas, Nøgen, Bulego, Angelus Apatrida, Soziedad Alkoholika, Merina Gris, Skakeitan, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Afu, Tremenda Jauría, Odei Barroso, DJ Plan B eta Raimundo el Canastero dira aurtengo karteleko protagonistak. Udan antolatutako bi jaialdien ostean, Atarrabiara itzuliko da Hatortxu abenduan.

Duela 23 urte jaio zen elkartasun jaialdia, «bi helburu eta konpromiso batekin». Helburuak, «euskal preso politiko eta haien senideek pairatzen zuten dispertsio salatzea eta honek suposatzen zituen gastu ekonomikoak arintzea». Konpromisoa, aldiz, «errepresaliatu politikoen gaia behin betiko konponduta egon arte lanean jarraitzea. Hau da, denak etxean eta aske egotea».

23 urtez eta 26 edizioetan «aurrera» egin dela iritzi dio antolakuntzak. «Espetxeen mapa eta zerrenda luze hori desagertzen ari dira. Euskal preso politiko asko Euskal Herriko espetxeetan daude. Baina ez denak. Oraindik bada lanik», adierazi zuten atzo helarazitako oharrean.

Hala ere, helburuak «gertu» ikusten dituztela nabarmendu zuten. Eta hau gauzatzeko «gertu», hau da, prest daudela gehitu. Hortik dator aurtengo ediziorako aukeratu duten leloa: ‘Gertu’.

«Oraindik 179 euskal preso politiko daude. Eta horietatik 45 espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan. Zifra hauek behera doaz, baina, esan bezala, ez dugu behera egitea nahi. Desagertzea nahi dugu. Oraindik, era berean, 24 erbesteratu eta 5 deportatu politiko dauzkagu. Denak Euskal Herrian nahi ditugu. Eta aske. Helburu horrekin bilduko gara, berriz ere, Atarrabian, abenduaren 17an. Musika eta aldarrikapena 27. aldiz uztartzera. Etxerako bidean salto handi berri bat ematera. Dispertsioak marraztu dituen bide guzti horiek ezabatzeko prest gaudelako». GARA eta NAIZ ere bertan izanen dira, babesle nagusi gisa.

Bederatzi, lehen aldiz

Uztailaren amaieran egindako bi eguneko jaialdiaren ondotik, hau antolatzeak «ahalegin berezia» eskatu duela onartu zuen antolakuntzak. Eta ahalegin horretan hamazazpi talde bildu dituzte. Horietako bederatzi, erdia baino gehiago, lehen aldiz izanen dira Hatortxu Rocken: La Furia, Bulego, Angelus Apatrida, Merina Gris, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Odei Barroso eta Raimundo el Canastero. Estilo eta jatorri anitzeko taldeak elkartasun gauari forma emateko asmoz.

Horiekin batera, agur doinuak ekarriko ditu Skakeitanek. Gipuzkoarrek hau izango dute azken kontzertuetako bat, hamarkada bateko ibilbide oparoari amaiera jarri baino lehen. Gaueko une berezienetako bat izanen da, dudarik gabe. Kontrako bidean, El Trono de Judas nafarrak. Itzulera bira txiki baten parte, Hatortxun geldialdi bat eginen dute, eta atzo sareetan bildutako erreakzioen arabera, harrera beroa izanen du taldeak. Eta kartela biribiltzeko, Nafarroako elkartasun jaialdian behin baino gehiagotan aritu diren Mafalda, Nøgen, Soziedad Alkoholika, Afu, Tremenda Jauría eta DJ Plan B. Azken hau izanen da udako ediziotik abendukora errepikatuko duen bakarra.

Sarrerak dagoeneko salgai daude, www.hatortxurock.eus webean, 25 eurotan. Azken urteetako arrakasta kontuan izanda, antolakuntzak denbora pasatzen ez uzteko gomendioa egin dio jaialdian parte hartu nahi duen orori. Beti bezala, noski, auzolanaren bidez antolatuko dute Hatortxu.