Maider IANTZI GOIENETXE

«Beti mugan», bidaia iniziatiko bat Comèteren eta kontrabandisten paisaian

Abenturazko nobela bat idatzi du Ruben Ruizek. 1941etik 1944ra bitarteko Baztanen bizi da protagonista, Mattin. Umezurtz gelditzen da, eta babesik gabe egotetik bere gaitasunak garatzera pasatzen da denetariko esperientziekin, iheslariak salbatzen dituen Comète sareko kideen eta kontrabandisten artean.

Ruben Ruiz, «Beti mugan» nobela berria aurkezten, atzo Donostian.
Ruben Ruiz, «Beti mugan» nobela berria aurkezten, atzo Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ruben Ruizek “Beti mugan” (Elkar) abenturazko nobela aurkeztu zuen atzo Donostian. Bi hari elkartzen dira bertan: Bigarren Mundu Gerran, alemanek okupaturiko lurraldean erortzen ziren hegazkinlari aliatuak eta beste iheslari batzuk etsaien eskuetatik libratzeko eratu zen Comète sarearen inguruko kontakizuna, benetako gertakarietan oinarritua, eta liburuko pertsonaia nagusiaren, Mattin mutikoaren, bidaia iniziatikoa. Umezurtz gelditzen denean, Baztanen bizi den osabak hartuko du etxean. Kontrabandotik bizi da eta gaueko lanean sartuko du iloba ere.

Ruiz Gasteizen jaio zen 1973an eta Basaburuan bizi da. Haur eta gazte literatura idatzi izan du, eta “Anekdotak” da bere libururik ezagunena, Euskadi Saria jaso zuena 2009an.

«Heldu eta gazte arteko marra labainkor horretan» kokatu du egileak obra berria. «16 urtekoek atsegin handiz irakurriko dutela uste dut».

Irakaslea da, eta ogibideak Nafarroako herri ugaritara eraman du: Elizondo, Erronkari, Doneztebe, Ultzama... Kontrabandistak ibili ziren parajeak dira. Haien xuxurlek gaiaren inguruan idazteko gogoa piztu zioten.

Comète sarea

Kontrabandisten gaineko lan batzuk irakurri zituen, kokatu eta ideiak hartzeko. Horretan ari zela ETBko “Mugalariak” saioa ikusten leiho bat ireki zitzaion, Comèteren berri izan zuelako eta jakin zuelako kontrabandista euskaldunek muga pasatzen lagundu zietela.

Hasieran Gipuzkoatik saiatzen ziren, Bidasoan barna, baina hainbat atxiloketa gertatu eta gero Nafarroatik igarotzeko ideia izan zuten.

Heltze prozesu bat

Bigarren ardatza Mattin umea da. Faxistek hil zioten ama, eta aitarekin bizi da; baina aita gaixotu eta hil egingo da. Haren anaiak hartuko du mutikoa adopzioan, eta Baztanera joango dira, han bizi baita osaba kontrabandista. «Umorerako tartea hartu dut atal horietan; besteak gordinagoak dira, umore printzak badauden arren», azaldu zuen idazleak.

«Pozik geratu naiz Mattinek egiten duen bidearekin, babesik gabe egotetik gaitasun guztiak garatzera pasatzen baita, lau urtetan bizitzen dituen denetariko esperientziek lagunduta».

Eskertuta

Ruiz «oso eskertua» dago. «Sare sozialek aukera asko ematen dituzte harremanak egiteko, nahiz eta ezagutu ez; eta beti aurkitu dut laguntzeko prestutasuna».

Zenbait liburuk ere lagundu diote, besteak beste Juan Carlos Jimenez de Aberasturiren “Camino a la libertad” (Txertoa) lanak, «Comète sarearen Bibliak».