GARA
SASKIBALOIA

Araskik denboraldiko lehen derbia irabazi du Gernikari 73-61 irabazita

Araskik eraman du denboraldiko lehen derbia.
Araskik eraman du denboraldiko lehen derbia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiko atzeratutako partida jokatu zuten atzo gauean Kutxabank Araskik eta Lointek Gernikak. Denboraldiko lehen derbia zen eta garaipena gasteiztarrentzat izan zen, 73-61 irabazita.

Gernikarrek Europa eta Ligaren bateratzea antzeman zuten atzo. Egia da lehen saskiratzea eurek egin zutela (0-2), baina etxeko taldeak azkar erantzun zuen (2-2 eta 4-4) eta, ondoren, 4-6tik 7-6ra pasatu zen, hiruko bati esker, eta hortik 11-6ra. Araskik 12 puntuko errenta izan zuen (22-10), baina Gernikak desabantaila murriztu zuen lehen hamar minutuak amaitzerako (22-13).

Bigarren laurdenean ia bi minutu pasatxo behar izan ziren saskiratze bat ikusteko, eta hori Bizkaiko taldeak lortu zuen (22-15). Hala ere, Araskik errenta 16 puntura (33-17) handitu eta atsedenaldira 42-24ko emaitzarekin heldu zen.

Aldagelatik bueltan, Gernikak 0-14ko partziala lortu zuen (42-38), Araskiren minutu txarrak aprobetxatuz, baina etxekoek ez zuten etsi; 55-44arekin abiatu zuten azken laurdena eta bolada onari garaipeneraino eutsi zioten.