GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Erraustegia, arduradun publikoen eskutik


Zubietako erraustegiaren inguruko irregulartasunak, berriak eta ez hain berriak, badirudi ez direla berehala amaituko. GuraSOS plataformak aurkeztu eta Fiskaltzak Donostiako Guardiako Epaitegiari ikertzeko eskatu dion salaketaren arabera, Lakuako Gobernuak erraustegiari aurrera egiteko baimenak eman zizkion bazekien arren ezinbesteko baldintza bat ez zuela beteko. 2020an, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak erraustegiaren baldintza hori ez zuela beteko aitortzen zuen dokumentu bat bidali zuen Lakuako Ingurumen Sailera, esanez plantak ez zeukala gehiegizko isurpenak geldiarazteko kontrol automatikorik, eta sail horrek, hala ere, ontzat eman zuen dokumentua.

Hori, ordea, ez da fiskaltzak eskatu duen ikerketa bakarra. GuraSOSen salaketa berak agertzen duenez, errauste plantaren funtzionamendua ikuskatu zuen funtzionarioak prebarikazioa egin ote zuen ikertzeko eskatu dio fiskalak epaitegiari; Lakuako Gobernuko ikuskatzaile horrek erraustegian baimenik gabe instalatutako drainatze tutu bati ez ikusia egin ote zion, hain zuzen. Halaber, epaitegietan zabalik daude beste bi ikerketa, Arkaitzerrekan agertutako isuriak eta bertan izandako kutsadura direla eta. Joan den uztailean GHK-k esan zuen erraustegiko ura kanpora ateratzea ezinezkoa zela, eta, hain justu, baimenik gabe jarritako tutu horrek gezurta lezake ezeztapen hori.

Proiektu polemikoa izan da erraustegia hasieratik, herritarren iritziari eta edozein eztabaidari bizkarra emanda sortua. Hamaika irregulartasun izan ditu zabaldu zen unetik; azkena, irailean bertan jakin zena, kudeaketa txarraren ondoriozko matxura bat zela-eta ez zuela energia balorizatzen. GuraSOS plataformak berriro eskatu du erraustegia geldiarazteko eta ez da horretarako motiborik falta; hala ere, salaketak salaketa, ikerketak ikerketa, ez dirudi ez enpresa emakidadunak ez erakunde publiko arduradunek horrelako asmoa dutenik, eta zailagoa izango da erakunde publikoek erraustegian egiten den guztia ontzat ematen duten bitartean. Proiektu «garbi» horren kostuak biderkatu egin dira; onurak, ikusteko daude.