GARA Euskal Herriko egunkaria

Johnsonen balizko itzulerak torien amets eta amesgaiztoak piztu ditu

Torien lider eta lehen ministro berria hautatzeko lasterketa abian da. Penny Mordaunt izan da hautagaitza baieztatzen lehena. Rishi Sunak da, oraingoz, faboritoa, Boris Johnsonen baimenarekin. Bere itzuleraren mamua gero eta errealagoa da, bazter guztiak aztoratu ditu.

Johnsonek agur esatean botatako bihozkada, prentsan. (Daniel LEAL | AFP)

Dilema da, gero, txarraren eta okerraren artean aukeratu beharra. Oinarri kontserbadoreen parte batentzat Johnson bueltatzea ametsa da -hiru ministrok publikoki eskatu dute dagoeneko, tartean Ben Wallace Defentsakoak- eta beste batentzat amesgaizto totala da gero eta indar handiagoa hartzen ari den aukera. Alderdiaren izen ona eta zuzentasuna galbidera eraman zituen liderra berriz hautatzea hondamendia litzateke, baina bera da, eta ez beste inor, torientzat marka guztiak hautsita historiako garaipen handiena lortu zuena. Britainiar politikaren esperpentoaren erdian, ametsa edo amesgaiztoa errealitate bilakatuko ez dela inork ez du penny bateko apustua ere egiten.

Hautagaitza ofizial egiten aurrenekoa Penny Mordaunt -Parlamentuarekiko harremanetarako egungo ministroa-eta Defentsa eta Nazioarteko Merkatalgorako ministro ohia- izan da. Torien artean «moderatu eta galtzaile» sona du, duela bi hilabete, Truss hautatzean, hirugarren tokian geratu zela ez baitute ahazten.

«Hasta la vista, baby»

Dimisioa eman zuenean Boris Johnsonen azken hitzak horiek izan ziren. Alderdi Kontserbadorea prozesu autosuntsitzaile batean zegoela zirudien, eskandaluak kontaezinak zirela, populazioaren bistara bere izena zikindua zegoela betiko, baina, hala ere, bihozkada horrekin agur esan zuen. Bazekielako bera zela kalteak mugatzeko gai zen bakarra, erakarpen bat gordetzen zuela, eta, agian, diputatuek beren postua salbatzeko jokatuko zuten karta zela. Beste diputatu askok, asalduta, matxinatu eta eta talde parlamentarioa utziko dutela aurreratu dute, toriak gehiengoa galtzeko arriskuan utziz.

Herenegun, 100 diputatuen babesaren langa Johnsoni bidea ixteko amarrua zela uste zuten askok; atzo, baina, aldeko ahotsak gehitzen doazela ikusita, langaren eraginkortasuna hutsaren hurrengoa ikusten zen. Torien eskuin muturreko fakzioak bere alde trinkotzen baditu, irabazteko aukera asko dauzka, bere bi aurkari serioenak, Penny Mordaunt eta Rishi Sunak -Johnsonen Finantza ministro izandakoa- «moderatuegi» legez ikusita daudelako. Torien barne prozesua ezagutzen duten kazetarien ustez, Johnson eta Sunak diputatuen babes botoetan parez pare leudeke.