GARA Euskal Herriko egunkaria

Izenburu iruzurtiak


Egunotan Zarautzen egin diren ekimenen inguruan idatzi behar nuen asteleheneroko atal honetan, baina ohartuko zaretenez, azkenean ez da horrela izango. Pena ematen dit, estimu handia diodan jendea buru-belarri aritu baita “Pro Zarautz International Open + Adaptative 2022” antolatzen; baina sentitzen dut, ez naiz eroso sentitzen halako makro ekimenetan. Hasteko, “Pro Zarautz”, ez da Pro, zeren WSL erakundeak antolatzen dituen QS probetatik kanpo geratu baitzen Zarauzkoa. Beraz, surflarien maila Euskal Herriko beste txapelketetakoen antzekoa da. Zorionez, haizete indartsuengatik bertan behera geratu zen Azores uhartean egiten ari ziren benetako “Azores Pro 2022” txapelketa, eta zenbait surflari Euskal Herrira itzuli eta Zarautzen parte hartzea erabaki zuten. Hala, maila apur bat igo ahal izan zen.

Bestetik, “International Adaptative” ere ez da nazioartekoa, halako txapelketak antolatzeko eskumena duen ISA erakundeak ez baititu aitortzen Euskal Herriko Selekzioa eta Federazioa. Hala ere, kategoria honetan bai, lortu dute beste herrialdeetako jendea etortzea. Esperientzia interesgarria izan da, zeren, ISAk onartzen ez bagaitu ere, mundu mailan euskaldun gisa aurkez gaitezkeela frogatu baitute antolatzaileek.

Bost egun izan dira, dozenaka ekimen egin dituzte, baina surfa soilik azken bi egunetan ikusi ahal izan da. Batez ere surfaren industriari, aisialdiari eta kulturari lotutako ekimenak nagusi izan dira egitarauan.

Zarauzko Udaleko ordezkariaren esanetan, uda sasoia urte osora luzatzeko plan estrategiko baten barruan kokatzen omen da “Pro” ez den baina “Pro” deitzen dioten, eta nazioartekoa ez den baina “inernational” deitzen duten txapelketa. Duela 21 urte, surf eskolen denboraldia luzatzeko urratsak egin behar zirela esan genuenean, barre egin ziguten Zarauzko Surf Eskolako kideei, eta orain sekulako ideia izan balute bezala datoz. Ordea, kontua ez da soilik berandu dabiltzala eta funtsean eredua aldatzeko asmorik ez dutela, arazoa da luzera begira ganorazko zerbait pentsatzeko gaitasun apur bat duen inor ez dela haien artean. Beraz, egiazkoa ez den zerbait saltzen jarraituko dute datozen urteetan ere, eta ustezko eredu berritzaileak aurkeztuko dituzte, jendea tentela delakoan. Horrek epe motzera etekin apur bat eman dezake, baina luzera begira lotsagarri geratzeko arrisku handia ere badute.

Txapelketa parekidea izatearen garrantziaz ere hitz egin zuten, eta 2016an eman zen urratsa goratuz haien buruak zoriondu zituzten. Egiaz zera gertatu zen, urte hartan babeslerik ez zegoenez NAIZengana jo zutela eta etxe honek laguntzeko jarri zuen baldintza bakarra sari parekideak ematea izan zela. Meritua, noski, beste batzuek eraman dute eta orain, globoa puztu denean, ez dute gehiago gure laguntzarik behar. Agian, hala hobe...