GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Mundu nahasian, Txina ordenaren bila


Zeremonia handia, eztabaida urria eta buruzagi gutxi batzuek aurrez hartutako erabakiak zigilatzen dituen bilkura bat izateko, Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuak munduko atentzioa bereganatu du. Horren arrazoietako bat sinplea izan liteke: zenbat eta opakuagoa sistema bat, orduan eta mistika handiagoa haren inguruan. Goi mailako politika ateak itxita egiten denean, eta irekitzean azken detailera arte dena koregrafiatua dagoenean, normala ere bada “adituen” eta sinologoen irakurketen mende uztea informazioa: botere egituran zeintzuk egiten duten gora eta zeintzuk behera, keinu txikien kodeak deszifratzea, azpijokoak, dena. Bada beste arrazoi sendoago bat ere: Euskal Herriaren eskalatik ikusita, hain da neurrigabea Txina, gure ulermenerako hain neurriz gaindikoa, ezen zaila egiten baita iritzi orekatu bat osatzea, topikoei eta informazio maltzurrei iskin egitea.

Ez dirudi, baina, Txinako politikaz eta zibilizazioaz aditua izatea beharrezkoa denik XX. Kongresuak utzi dituen zenbait erabaki ulertzeko. Garrantzitsuena, agian, Xi Jinpingen boterea eta estatusa indartzea eta zilegiztatzea izan da, alderdiaren sortzailea izandako Mao Zedongen pareko gorespenez. Tradizioak hautsi dira, besteak beste, bost urteko bi mandatu baino gehiago boterean ez mantentzearena, eta Xi «ororen idazkari nagusi» izendatu dute. Besterik da, historiak erakusten eta orainak baieztatzen duenez, botere zentralizatuago bat herrialde indartsuago bat izatera itzul daitekeen.

Txina herrialde oso aberatsa da, historian, kulturaz, ekonomikoki, eta oso boteretsua militarki. Txinako aldaketek mundu osoan dauzkate ondorioak; bere ekonomiaren gorabeherek, ia herrialde guztientzat ondasunen ekoizle handiena edo ezinbesteko merkatua den heinean, besteen ekonomiei eragiten diete. Munduko ordenari forma ematen dio, eta kongresuan argi utzi du nola egin nahi duen: 2035erako herrialdearen modernizazioa burutuz, eta, gero, 2050erako, garapen globalari bide-orria eta helburu zehatzak jarriz. Beste hitz batzuetan esanda, desordena areagotu eta deskontrolatu egin den mundu honetan, bere ordena gailendu nahi du.