Jon ORMAZABAL
PILOTA

Kaiolako statu quoa hankaz gora jartzen amaitu du Peio Etxeberriak Donostian

Partida guztian oso nagusi izan ostean, finalerdietan da Zenotzekoa eta Laso/Ezkurdia partidaren irabazlearen aurka arituko da. Bere mailatik urrun aritu zen Altunak, aldiz, Dariori irabazi beharko dio finalerako txartela Elordiren aurka jokatu ahal izateko.

Peio Etxeberriak bizi erabili zuen pilota.
Peio Etxeberriak bizi erabili zuen pilota. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oraindik edozer gerta liteke, eta inor ez litzateke harrituko azaroaren 20ko finalean ohiko oilarretatik bi bilduko balira Bizkaia pilotalekuan, baina gaur-gaurkoz, kaiolako statu quoa hankaz gora iraultzen amaitu zuen atzo Peio Etxeberriak, Jokin Altunari Donostian 15-22 irabazita. Bezperan Aitor Elordik egindakoaren bidetik, lehen pilotakadatik markagailuaren agintea hartuta, Zenotzekoa goitik behera nagusitu zitzaion bere mailatik oso urrun aritu zen amezketarrari, eta, horrenbestez, finalerdietarako txartela eskuratu zuen. Larunbatean Iruñean jokatuko den Laso/ Ezkurdia partidaren irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan. Jokin Altunak, bere aldetik, Dario garaitu beharko du, oraindik erabakitzeke dagoen pilotaleku batean -Zumarragan partida bat jokatuko da ostiralean, eta bestearentzat leku bila hasi beharko dute, Astelenan obrak amaitu ezinik jarraitzen dutelako- finalerako txartela Elordiren aurka jokatu nahi badu.

Trazu lodietan Atanoko partidak bezperakoaren antzik izan badezake ere -bietan faboritoak ez zirenek partida hasieran alde nabarmenak hartu zituzten-, garapenean erabat desberdinak izan ziren, Bilbon Unai Lasok bigarren partean erreakzionatuz itxura ona eman zuen bitartean, Jokin Altuna partidatik erabat irtenda aritu baitzen, bere gorputz espresioak eta zenbait keinuk ezkutatu ezin izan zuten moduan.

«Desastre bat egin dut, oso-oso gaizki; eta berak asko jokatu du. Baina aurkariak irabazten didanean, askotan esaten dut nire buruarekin gustura geratu naizela. Aurreko astean ere, nahiz eta atzetik joan, gustura ari nintzela esan nuen. Baina gaur desastre aritu naiz, eta oso haserre», azaldu zuen amezketarrak partida amaitu berritan. «Ez naiz partidan sartu, pilota gutxi jo ditut ondo, %70 gaizki jo ditut, ez nuen asmatzen hanketara jokatzen, errematatzerako orduan pilotak salto egiten zidan, ez zitzaidan eskuan sartzen, sakatu gutxi... Orokorrean, desastre bat», gaineratu zuen, burumakur, egungo txapeldunak. Hori bai, dena gaizki eginda, 15 tanto egitea ez dago askoren esku, nahiz eta atzoko Altuna ohikoaren antipodetan egon zen.

HASIERATIK EZINEAN

Gabezia horiek guztiak, gainera, azkar antzeman zitzaizkion, hein handi batean, parean bikain aritu zen Peio Etxeberria izan zuelako. Galtzeko gutxirekin, lehen jardunaldian Dariori irabazita finalerdietarako bidearen zati handi bat eginda baitzuen, ausart eta eraginkor aritu zen ultzamarra lehen tantotik. Lehen sakea gorriarentzat izan bazen ere, hasieratik hartu zuen partidaren aginte makila eta ez zuen askatu, nahiz eta uneren batean, esaterako 7-2koan 31 pilotakada gurutzatu ostean, fisikoki buelta eman ezinda aritu den.

Sakeak asko baldintzatu ohi ditu halako partidak, eta atzo ere hor egon zen partidaren parte handi bat. Zenbakiei erreparatuz gero, ez dago halako alderik, baina errestoan mundu bat egon zen bataren eta bestearen artean. Nafarrak amezketarrarenak bikain erantzun zituen bitartean, airea kendu ezinik ibili zen egungo kaiolako txapelduna, eta bigarren pilotakada horretan zital aritu da Zenotzekoa, tantoa zuzenean sartuz edo aurkariak jarraitu ezin izan zuen erritmo bat emanez partidari.

Bere sakearekin Jokin Altuna behin bakarrik izan zen hiru tanto segidan egiteko gai, eta ordurako partida oso maldan gora jarria zitzaion, 7-17tik 10-17rako tartean izan baitzen hori. Momentu horretan bi tanto behar zituen Peio Etxeberriak aurrera egiteko, baina ez zen horretan geratu eta ondo merezitako garaipena eskuratu zuen. Gainera, inork ezin esango du kasualitatez irabazi dionik, azken urtean elkarren aurka kaiolan jokatutako hiru partidetan gailendu baitzaio ultzamarra gipuzkoarrari, benetan aurkari deserosoa zaiola berretsiz.

EGIGUREN PROMOZIOKOAN

Iraitz Zubizarretak ezin izan zion herritarren aurrean dagoeneko sailkatua zegoen Salaberriari irabazi -22-17 galdu zuen- eta, hortaz, Julen Egigurenek egin du aurrera. Azpeitiarrak Bakaikoaren aurka jokatuko du finalerdietan, eta Salaberriak Exposito debutatu berriaren aurka. Hemen ere, Baikok ordezkari bakarra.