GARA
ATLETISMOA

Kwizera eta Barreiro, garaileak Zornotzan

Eguraldi eguzkitsuarekin, beroarekin eta hego haize indartsuarekin lehiatu behar izan zuten atzo kirolariek 68. Zornotzako Krosean, World Athleticseko “cross country” zirkuituan. Jauregibarriako zelaian, Rodrigue Kwizera burundiarra, 8.700 metroko distantzia 25:45eko denboran eginda, eta Isabel Barreiro asturiarra, 6.700 metroak 23:06an eginda, izan ziren azkarrenak eta irabazleak.

Rodrigue Kwizerak faborito bezala hasi zuen proba eta ez zuen hutsik egin. Lasterketa motel hasi zen beroarengatik, eta buruan hogei bat korrikalari aritu ziren lehen kilometroetan. Baina, Kwizerak lehen erritmo aldaketa egindakoan, sei kirolariz osaturiko talde bat geratu zen. Burundiarrarekin Ndikumana, Aouani, Catrofe, Njeru eta Hassasous aritu ziren.

Seigarren kilometroa bete baino lehen, lasterketako gizonik indartsuenak beste erritmo aldaketa egin zuen, eta Ilias Aouani bakarrik geratu zen berarekin. Baina azken itzulian egindako eraso indartsuari ezin izan zion erantzunik eman, eta Kwizerak garaipen bikaina lortu zuen. Aouani bigarren izan zen 11 segundora, eta 15era iritsi zen Santiago Catrofe kirolari uruguaitarra.

ISABEL BARREIRO, BIKAIN

Emakumezkoetan, Valencia CA taldeko Isabel Barreiro asturiarrak bakarka irabazi zuen baita ere krosa. Lehen erasoan ezin izan zuen Cavaline Nahimana burundiarra atzean utzi, baina azken erasoan bere aurkari zuzena atzean geratu zen, eta Xixoneko kirolari gazteak indartsuena zela ziurtatu zuen.