GARA
BILBO

«Loa eta Laia», euskarazko marrazki bizidun digitalen telesail berria abian da

Musikaren bidez euskal kulturaren, ohituren eta edukien transmisioa sustatu nahi du «Loa eta Laia» proiektuak. Baliabide digitalez hedatuko da, eta atzo estreinatu zen Gau Beltzarekin lotutako edukia. Josu Bergarak sortu ditu abestien musika eta letrak. Kantuan Ane Martinez eta Leire Aparicio ari dira, Loari eta Laiari ahotsa jartzen.

Egitasmoa atzo aurkeztu zen Euskararen Etxean.
Egitasmoa atzo aurkeztu zen Euskararen Etxean. (GARA)

“Loa eta Laia” proiektua aurkeztu zen atzo Euskararen Etxean. Ekitaldian izan ziren: Josu Bergara musikari eta publizista, ideiaren sortzailea eta musikaren egilea; Paul Caballero, proiektuaren ilustratzailea eta sustatzailea; Ane Martinez eta Leire Aparicio abeslariak; eta Nerea Alberdi eta David Sanchez, musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak.

Bi eta zazpi urte bitarteko haurrentzat eta familientzat euskaraz sortutako marrazki bizidun digitalez osatutako proposamena da “Loa eta Laia”. Webgunean (loaetalaia.eus) eta YouTubeko kanalean ikus daiteke. «Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak. Bi pertsonaia hauek, inguruan dituzten beste lagun batzuekin batera, euskaraz eta Euskal Herrira begira ohiturak transmititu, edukiak landu eta ekintzak proposatuko dituzte. Betiere gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatuz eta modu atsegin, didaktiko eta erabilgarri batean», adierazi dute. Ohiturei lotuta propio sortu diren abestien bidez transmisioa landuko da. Kantu bakoitza gai batekin erlazionatuta dago, eta familian egiteko eduki osagarriak eta aparteko ekintzak proposatuko dira. Gau Beltzari dagokion edukia atzo bertan estreinatu zen. «Helburua hilero eduki berri bat sortzea da, eta euskara izango da abendukoa». Landutako gai bakoitzak abesti bat eta aparteko ekintza osagarri bat proposatuko ditu.

Euskarazko eduki digitalak sortzea eta hedatzea ere badu helburutzat, «ingurune digitalean kalitatezko euskarazko edukiak egotea eta, horrela, euskararen presentzia hobetzea eta sustatzea».

«Bihotzetik sortua»

Josu Bergarak proiektua sortzearen arrazoiak azaldu zituen: «Proiektu hau bihotzetik jaio da. Gure etxeko txikientzat euskaraz eta balore modernoetan oinarritutako kalitatezko ikus-entzunezkoa egin nahi izan dugulako. Beraiek merezi dutelako».

Bergarak sortu ditu abestien musika eta letrak. Kantuen edukia erakargarria eta hezigarria izateko xedez, askotariko musika estiloak landu ditu. Kantuan Ane Martinez eta Leire Aparicio ari dira, Loari eta Laiari ahotsa jartzen.