GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Lapurreta edo abusua, baina legezkoa


Iberdrolak bere irabazien marka guztiak hautsi nahi ditu eta bide onean doa. Urteko lehen seihilekoan 2.000 milioi pasa euroko etekinak lortu zituen, eta lehen bederatzi hilabeteetan, 3.000 milioi baino gehiagokoak, iazko tarte horretan baino %29 gehiago. Akziodunek datorren urtarrilean %5,9 gehiagoko ordainsaria izango dute akzioko. Batek baino gehiagok hori ekonomiarentzat ona dela esango du, horrelako enpresak gaizki doazenean burtsak behera egiten duela denen kalterako; ondo doazenean, berriz, aberastasuna handitzen dutela esango du, BPGak gora egingo baitu eta hori denentzat ona dela. Baina milaka herritarrek ez dute BPGaren igoera hori nabaritu ere egingo; aitzitik, etxeko argi bat piztuta ahaztea dute ardura nagusietakoa, eta milakak ez dakite neguan berogailua pizteko aukera izango duten; dirua, alegia. Milaka eta milaka horiek, ordea, ez dira ekonomia adituak.

Estatu espainoleko patronaleko presidenteak energia sektoreari zergak handitzea holokaustoaren pareko hondamenditzat jo zuen orain aspaldi ez dela. Betiere jendarteari egiten dioten ekarpenaren izenean. Baina, oroz gain eta edozein egoeratan, dirua irabaztea ez ezik irabaziak biderkatzea ere jendartearen ongizaterako, guztien onaren mesederako, ekarpen gisa aurkeztea lizuna da. Eta hori betiere eskandalagarria bada, orain, herritar gehienek erosahalmen gero eta murritzagoa dutenean, haietako askok oinarri-oinarrizko beharretarako ere ez daukatenean, are eskandalagarriagoa. «Interbentzionismo beldurgarria» deitu zion Iberdrolako presidenteak energiaren prezioak erregulatzeko aukerari. Jakina, konpainia elektrikoek ezartzen dituzte prezioak ez merkatuaren legeen arabera, baizik eta euren «beharren» arabera, eta legez etekinari muga bat ezartzen zaionean, prezioa berriz igo besterik ez dute egin behar, beren mozkinak murriztu ez daitezen, edo handitu daitezen, betiere legeek babestuta.

Hori lapurreta dela pentsatzen dutenak ez dira gutxi, baina legezkoa da. Eta hori da arazo nagusia. Ahulenen bizkar aberastea edo aberastasuna handitzea abusua da, bai legez kanpo bai legez eginda. Eskandaluzko abusua da eta testuinguru honetan are eskandaluzkoagoa. Legeak onartuta ez ezik, erraztuta ere bai.