GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Mugak


Aurki hogei urte beteko dira “Prestige” petrolio-ontzia bitan zatitu eta azken hamarkadetan Kantauri itsasoan jazotako desastrerik larrienetakoa gertatu zenetik. Urrun geratzen zaizkigu orain egun haietako boluntarioen lanak eta elkartasuna.

Geroztik, itsasoak ez dio utzi desastre leku izateari. Petrolioak eta gasak itsasontzietan bidaiatzen segitzen dute eta zigortuta dagoen Errusiatik etorri beharrean, beste herrialde batzuetatik datorrela sinetsi dugu. Baina jakina da itsaso zabaleko nazioarteko uretan etika eskaseko negozioak egiten direla.

Europak, baina, beste aldera begiratzen du, bere uretan ito diren milaka bizitzekin egiten duen legez. Kontinente zaharrak norabidea galduta duen ontzi baten itxura dauka aspaldi. Han eta hemen elkartasun faltak eragindako egoerak bizi dira. Horra Erresuma Batua eta Brexitaren alde egindako hautuaren ondorioak. Horra Italia, non uretan itotako milaka bizitzekiko politika krudelen erantzule eta defendatzaileek inoizko botere handiena eskuratu duten.

Gure lurraldearen defentsa egiten dugunok ere besteenganako elkartasunetik eraiki beharko genuke geroa. Bateragarria bezain beharrezkoa da. Gureak diren mugak defendatzeak ezin gaitu bultzatu beste mugek erailtzen dituzten pertsonekin axolagabe jokatzera.