Garazi CASTAÑO
KULTURHARIA
Entrevista
Alaia Martin
Bertsolaria

«Exijentziak ahantzarazi dit gustatzen zaidan zerbait egiten ari naizela»

«Zorte handia da mikrofono bat parean izatea, norbere barne mundua eta asmo-ideia politiko horiek plazaratzeko», dio Alaia Martinek. Elizondon bigarren itzulirako txartela lortuta, NAIZ irratiko KulturHaria saioan izan da bere sentipenez hitz egiten.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Elizondoko saioan puntu gehien lortuta, bigarren itzulirako zuzenean sailkatu da Alaia Martin bertsolaria. Amurrion kantatuko du datorren azaroaren 19an. NAIZ Irratiko KulturHaria saioan kanturako gogoa duela aitortu du, baita lanerako asmo eta konpromisoa ere.

Imajinatzen dut oraindik Elizondoko biharamunarekin izango zarela. Zer moduz?

Ba, egia esan, oraindik pixka bat bai. Saioaren ondoren, niri behintzat, kosta egiten zait burua erlaxatzea eta beste erritmo bat hartzea.

Elizondokoa saio bero gisa definitu dute. Zein sentipen izan zenuten bertsolariek oholtza gainean?

Orokorrean ondo sentitu nuen nire burua. Nire buruaren jabe sentitu nintzen behintzat, oholtzan zer egiten ari nintzen banekiela. Hau da, gaiak patxadaz entzuteko gorputzaldia baneukan, eta etortzen zitzaizkidan ideiak, aukerak... Beste bertsokideak ere oso gustura aditu nituen, entzun nituen zatietan. Entzun baino gehiago, sumatu nuena gustagarria egin zitzaidan.

Bakoitzak bere puntua jarri zion saioari. Onintza Enbeitak hunkitu egin gintuen, Joanes Illarregirekin zortziko txikian aritu zinenean umoretik eta ironiatik jardun zenuten...

Saio honetan ariketak oso desberdinak izateak gaiak ere desberdinak izatea ekarri zuen. Esango nuke konplexutasun handiagoko gaiak zirela, edo geruza gehiagokoak. Orduan, ofizio batzuetan horrek bide eman zien beste errelato batzuei, beste esateko modu batzuei. Onintzaren kasuan, uste dut ekarpen handia egin ziola saioari. Goxotasuna eta halako giro ona sortzen laguntzeaz gain, uste dut bere lekutik eta bere diskurtso politikotik utzi zuela arrasto eder bat. Eta Joanesen kasuan, uste dut eredugarri izan zela eduki zituen argitasuna eta tenplea.

Txapelketan eroso sumatzen zaizu...

Egia esan, bai, bai Getxon, bai Elizondon. Hala ere, eroso esatea txapelketan ez dakit posible den. Saiatu naizena da moduren batean oreka bat bilatzen, exijentziaren eta gehien gustatzen zaidana egiten egotearen artean. Batzuetan exijentziak ahantzarazi dit asko gustatzen zaidan zerbait egiten ari naizela. Oreka horretan nahiko tenple edo gorputzaldi barea izan dut bi oholtza horietan eta, zentzu horretan, egia da gozatu ere egin dudala saioetan.

Erronkarik jarri al zenion zure buruari txapelketa hasi aurretik?

Erronka zehatz eta jakinik ez nion jarri. Txapelketa aitzakia bat da bertsotan hobera egiteko eta munduan kokatzeko. Pauso bat ematea bazen nire helburua, ez dut esan nahi gauza handi bat bezala. Baina asko aldatu da mundua azken bost urteetan, asko aldatu dira harremanak, bertsogintzak aldatu dira eta nire egunerokoa ere aldatu egin da. Hori aukera bezala ikusten nuen, birkokatzeko, azterketa bital hori egiteko. Hobetzeko autokontrolean, ahalik eta esparru guztietan, dokumentatzeko, gaiei sakontasun gehiagorekin heltzeko. Txapelketan erronkak asko dira. Nahi, noski, parte hartzen dugunok finalean abestu nahi dugu, baina hori azken momentuko saria edo aukera da.

Nola prestatzen ari zara txapelketa?

Hainbat modu daude eta bakoitzak izango du berea. Nire aldetik, denbora eta kariño handia eskaintzeak lasaitasuna ematen dit, ahal dudana egiten ari naizenaren sentipena. Denboraren kudeaketa urgenteagoa da orain niretzat. Garrantzitsua zer den argi dut nire buruan, eta bertsoetara jarri naizenean, txapelketa kodean, oso gustura sentitu naiz eta merezi zuen zerbaitetan energia jartzearen sentsazioa izan dut. Hori nire aldetik, eta gainerakoan, bi taldetan ibili naiz. Miren Amuriza, Artetxe, Bartrarekin... kanturako gune eta lagun oso onak ditut. Añorgan ere hasi naiz elkartzen aspaldiko lagunekin: Beñat Gaztelumendi, Amaia Iturriotz, Ane Labaka... Gustura nago. Balio digu elkarrekin kantatzeko, gaiei begiratzeko eta elkarren beldurrak eta ilusioak mahai gainean jartzeko, horiei ere garrantzia emateko. Txapelketan lekua hartzen dute horiek ere. Zentzu horretan asko gozatzen ari naiz Uxue Alberdirekin, Beñat Gaztelumendirekin... mantendu dugu grina, bertsogintzaz eta sorkuntzaz hitz egiteko. Eta horrek argitasuna ematen du.