Andoni TOLOSA
Musikaria

Hasiberri batzuei

Hirugarren emanaldia duzue jendaurrean. Oraindik, baduzue ikusleria fidela. Familia hurbilekoa, hain hurbilekoa ez dena, eta lagun mordo bat hurbildu zaizue, aurreko bi emanaldietara hurbildutako bertsuak. Horiek betetzen dute beste aulki mordoxka bat. Batzuk entzutera etorri dira, beste batzuk entzutera etorri direnak laguntzera. Belaunaldi-elkartasuna da beste batzuena, eta ziur egon, horietako batzuek, zorroztuta dakartzatela munduko Whattsapp, Instagram eta Youtube guztiak, zuen urduritasun guztien lekukotza jasotzeko. Baina ez larritu, garaiotan hankasartzeek jende gehiago egiten dute ospetsu, txukun egindako lanek baino.

Hirugarren emanaldia duzue, eta urduritasuna ohorea da, oharkabeko babesleku bat. Beraz, ez izutu. Nork eman du bere onena lehenengo, edo bueno, hirugarrengo aldi batean? Okerragoa ei da disimulua, ez zaren zerbait erakustera eramaten zaituena. Hasiberriak zarete, ze demonio! Badituzue oinarrizko eskubide batzuk. Disfrutatzea da lehena, lotsarik gabe aritzea bigarrena, eta, horren ondorioz, ezingo ditu musikarien inongo kontu-hartzailek inongo entziklopedian jaso bi eskubide horien elkarketan gertatuko diren gorabeherak, agerian utziko dituzuen gabeziak. A, eta eskubide horiek 15 emanaldiko iraupena dute. Hortik aurrera, oihanaren legea nagusitako da, heldutasunaren konplikazioa.