GARA Euskal Herriko egunkaria

«Euskalia», euskara eta euskal kultura hegemonikoak diren zientzia fikziozko mundua

Mikel Alvarez bere lehen eleberriarekin. (Maialen ANDRES | FOKU)

XXIII. mendera egin behar dugu salto, euskaldunok gidatutako mundua nolakoa izango litzatekeen irudikatzeko. Euskara da hizkuntza hegemonikoa, ez inposatua izan delako, baizik eta hartu duen prestigioagatik, eta denak dira zoriontsuak, euskaldunon gestio onaren ondorioz. Abiapuntu hori du “Euskalia” (Elkar) eleberriak, Mikel Alvarez Sarriegiren lehen literatura lanak.

Istorioa telesail izateko jaio bazen ere, kaxoi batean gera ez zedin eleberri bihurtzea erabaki zuen. Bera kazetaritza eta zinemaren mundutik dator eta nabaria da hori testuan, ikus-entzunezko lengoaiaren osagai ugari dituelako. Ondarroako Udalak ematen duen Agustin Zubikarai bekari esker, hasieran lagin bat zena umorez eta ironiaz betetako zientzia fikziozko liburu bihurtu da.

Euskaliako biztanleak pozik bizi direla dirudi, inoiz ikusi ez den ongizate mailarekin, baina badago jende multzo bat kultura espainola galtzeko arriskuan ikustean horren alde borrokatzeko prest dagoena. Muturgogor barrutian (Extremadurarekin paralelismoa) erresistentzia mugimendu bat sortu dute; XXI. mende hasierara bidaiatuko dute, iraultza handia hasi zen unera, hura posible egin zuten gertakariak zapuzteko asmoz.

Alvarez konturatu zen gure imajinarioan kanpoko erreferentziak izan ohi ditugula, eta ez bakarrik Estatu Batuetakoak, baita Estatu frantses eta espainolekoak ere. Hori dela eta, pentsatu zuen euskaldunok gidatutako mundu batean erreferentziek Euskal Herrikoak izan beharko luketela. Horren adibide da Muturgogorren telegarraiorako geltokiak Jon Maia Soria izena izatea.