GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Azken uneko penalti jaurtiketarekin, garaipena eta lidergoa Alavesentzat


Hamahirugarren jardunaldiko partida jokatu aurretik, dena alde jarri zitzaion Alavesi; Las Palmasek 1-0 galdu zuen Huescan eta, beraz, garaipen batekin berriro ere lidergora itzultzeko aukera zeukan. Halakoetan, nahiz eta oraindik lehen itzulia izan, aukerak ezin dira galtzen utzi eta, beraz, Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldea Oviedo baino gehiago izan zen; eta ez soilik hobeto jokatu zuelako -futbolean aurkaria baino hobea izateak sarri ez baitakar garaipena-, baizik eta gol gehiago ere sartu zituelako.

Nolanahi ere, futboleko injustiziak euren larruan bizitzeko zorian izan ziren babazorroak. 16. minutuan Abqarrek eginiko golarekin, partida erabat kontrolatuta zuten, bigarrena egiteko merituak ere egin zituzten -batez ere 60. minutura bitartean- baina markagailua estua denean, aurkaria, lo eta esna, beti da arriskutsua.

Oviedok, Alvaro Cervera teknikariaren bigarren partidan, apenas sortu zuen arrisku unerik. Siverak arratsalde lasaia izan zuen eta, Borja Bastonek estrategia jokaldi bakan batean berdinketaren gola egin aurretik, babazorroek hiru aukera garbi izan zituzten 2-0koa egiteko.

Hara motel aritu zen aurkarien hutsegite larria aprobetxatzerakoan, Rioja jokoz kanpo zegoen Tenagliaren pase ona jaso eta atezainaren aurrean bakarrik geratu zenean eta Abqarren bigarren gola baliogabetu egin zuten atsedenalditik bueltan.

Eroso zebiltzan jokalariak, 71. minutuan gola jaso zuten arte. Luis Garcia Plazak aldaketa hirukoitza egin zuen (Alkain, Balboa eta De la Fuente zelairatu), baina apenas aldatu zen partida trabatuaren dinamika. Azken minutura arte; alegia, Bretonesek erremate bat eskuarekin desbideratu eta epaileak penaltia adierazi zuen arte, 94. minutuan. Hiru minutu beranduago jaurti zuen Salva Sevillak, hiru puntu garrantzitsu poltsikoratzeko balio zuen gola egiteko.

EIBAR, MALAGARA

Eibarrek, bestalde, gaur, 16.15ean Malagari egingo dio bisita. Armaginek ere garaipenaren bidera itzultzea dute helburu.