Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

James Pricek bakarkako alpinismoaren esentzia aldarrikatu du

Alpinista britainiarrak Pheker mendiaren lehen igoera eta Mirshikar-eko aurreneko zeharkaldia egiteaz gain, Batura Murruko ertz luze eta ikusgarrian ekinaldi bikaina egin zuen. Behatzak izoztu zitzaizkiola eta, atzera egin behar izan zuen.

James Price alpinista britainiarrak hedabideon lehen lerroak ondo astindu ditu. Ez du zarata handiegirik egin, baina abuztuaren amaieran eta udazken hasieran Karakorumen egin duen espedizioaren emaitza kontuan hartzeko modukoa da.

Bidaia alpinoaren lehen etapa ondo baino hobeto hasi zen. Girora egokitzeko fasea indartu ahal izateko, Hassan Aljabbal eta Adnan Khan pakistandarrekin eta Sebastien Carniato frantziarrarekin Pheker mendira (5.465 m) abiatu zen. Mirshikar-eko ekialdeko lepoan gaua igaro eta gero, biharamunean, kideak han bertan utzi eta Pricek, bakar-bakarrik, Pheker-eko lehen igoera sinatu zuen. Horretarako, mendi horretako iparraldeko horman hainbat serac saihestu zituen, eta ipar-ekialdeko ertzetik jarraituz gailurra erdietsi zuen.

Ia atsedenik hartu gabe, aipatutako fase horrekin jarraitu zuten. Jarduera horretan, alpinista britainiarrak beste hiru kide horiekin eskalatu zuen. Hain zuzen ere, Mirshikar mendia (5.464 m) ekialdeko ertzetik igo zuten. Tontorrean bertan bibaka egin zuten, eta, biharamunean, hego-mendebaldeko ertza aukeratu zuten jaitsiera egiteko. Mendi horren lehen zeharkaldia biribildu zuten.

Esan bezala, protagonistak aklimatazio fase horretan lehenengo bi igoera sinatu zituen. Jakina, bi mendi horiek ez ziren xede nagusiak; bai, ordea, Batura Murrua. Zehazki esanda, Pricek, bakarkako estiloan, mendigune osoaren zeharkaldia egin nahi zuen. Datuei erreparatuta, jarduera horrek ez du inolako aitzakiarik: hamalau kilometroko ertza 7.000 mila metrotik gora. Mendi gidaririk, zamaketaririk eta router meteorologikorik gabe. Hori gutxi balitz bezala, baldintza meteorologiko oso-oso kaskarrak pairatu behar izan zituen: hotza, haizeteak, elurra… Alpinista britainiarrak egin zuen ekinaldiak konpromiso handia eskatzen zuen. Hemezortzi eguneko abentura horretan, gainera, haluzinazioak izan zituen.

Muturreko jaitsiera

Aurreratu dugu Priceren jarduera hori saialdi batean geratu zela; izan ere, izozte batzuek eskalada bertan behera uztera behartu zuten.

Klimarekin ez du zorterik izan. Oro har, Karakorumek abuztu oso txarra izan du. Euria erruz bota du, eta, bertakoen esanetan, Pakistanek azken 60 urteotako eurite latzenak izan ditu. Horren guztiaren ondorioz, mendilerro horretan jardun duten espedizio askok eta askok etxera oso goiz itzuli behar izan dute. Denboraldia oso laburra izan da.

Eskaladaren bat egiten saiatu direnek oso baldintza kaskarrak aurkitu zituzten; batez ere, kota altuetan elur asko izan dute. Irailak, bederen, leiho on txiki batzuk eskaini zituen, eta Pricek horietako bat aprobetxatu zuen Batura Murruko zeharkaldi horretan saialdi bat egiteko.

Aklimatazio fasean izan zuen arrakastak asko motibatu zuen. Eta gehiegi pentsatu gabe esku artean zuen xede handi horretara abiatu zen. Garaiera handian egiten den alpinismoa kontuan hartzen badugu, Pricek egin nahi zuena erronka oso erakargarria eta zaila zen. Batzuen iritziz, helburu eroa. Batura Murru erraldoi horren zeharkaldia bakarkako estiloan egitea loteria hutsa da. 14 kilometroko ertz batetik joan behar da, eta beti 7.000 metrotik gora. Horrez gain, ertz horren albo bakoitzera 4.000 metroko amildegia dago.

Girora oso ondo egokituta zegoenez, motibazioak ez zion ihes egin. Irailaren 11n, iparraldeko isurialdetik, Passu East menditik, irten zen. Bakar-bakarrik eta bizkarrean 30 kiloko motxilarekin. Hiru asteko jarduera aurreikusi zuen: «Zeharkaldi luze eta zail horrek ez du bisitarik izan. Ekinaldirik ez du izan, eta horregatik saiatzea otu zitzaidan. Planifikatu nuen ibilbideak Passu Sar, Muchu Chhish eta Batura VI mendiak jasotzen ditu. 7.000 metrotik gora bakarrik eskalatzea latza da oso».

Bazekien oztopo ugariri aurre egin beharko ziela, eta hirugarren mendiarekin, Muchu Chhish-ekin, beldurra omen zuen. Mendi horren tontorrak zapaldu gabe jarraitzen zuen. Nazioarteko sokada sasoiko batzuek ekinaldiak egin dituzte, baina den-denak esku hutsik itzuli dira etxera. Gainera, Price ez bezala, talde horiek hegoaldeko hormatik saiatu dira mendi hori igotzen.

Lerrootako protagonistak gehitu nahi izan du Muchu Chhish ez zela bere helburua: «Nire amets nagusia Batura Murrua zeharkatzea zen, eta mendi hori ibilbidearen punta bat da. Murru horren oinarrira heltzeko, eskiak erabili nituen, eta onartu behar dut hurbilketa biderako oso egokiak izan zirela. Nik neuk zabaldu behar izan nuen bide guztia, eta eskiek asko lagundu zidaten. Glaziarrean arreta handiz jardun behar izan nuen; izan ere, artesi asko ezkutatuta zeuden. Sekzio teknikoenetan, berriz, eskiak kendu eta bizkarrean eraman nituen. Eta eite hori ez da oso atsegina».

Batura glaziarra zeharkatu, 5.500 metroko mendi bat igo eta Passuko glaziarraren goialdera eramaten duen izotz-jauzi nahasi bat gainditu zuen. Lehen egun horretan, baldintza onekin egin zuen topo, baina gauean 80 zentimetroko elur geruza pilatu zen. Biharamunean, Batura Murruaren puntu gorenera heltzeko energia asko xahutu zuen. Berez, puntu zehatz horretan hasi zen saltsa. Ekialdeko Passu mendiaren tontorra zapaldu eta gero, ipar isurialdera jo zuen.

IA DEUS IKUSI GABE

Zeharkaldi horretan hiru kilometroko ibilbidea egin zuenean, Passu Sar mendira (7.470 m) heldu zen. «Gailurraren goi-ordoki erraldoira ia ikuspenik gabe iritsi nintzen. 90 minutu galdu nituen Muchu Chhish-era eramaten duen ipar-mendebaldeko ertz estua aurkitzeko. -28 graduko tenperatura egiten zuen. Azkenean, pasabidea aurkitu nuen, baita Muchu Chhish igo ere. Tontor horretan lehena izan naiz. Jaitsiera horretan erlaitz oso arriskutsuak ikusi nituenez, Passu Sar-era abiatu nintzen. Gailur horren azpian, berriz, erlaitz puskatu batekin topo egin nuen. Han bertan altxatu nuen denda. Haizete hotzetatik babestuta nengoen. Eguraldi iragarpenaren zain, bibak horretan 30 ordu eman nituen», kontatu zuen.

Klimaren inguruko informazioa iritsi zitzaion: hurrengo egunetan elurra egingo zuen. Garaiera hartan eta egiten zuen hotzarekin, Price oso ahul zegoen. Ekinaldia bertan behera uztea erabaki zuen, eta bazekien jaitsiera hori zaila izango zela: «Passu North mendiraino eskiatu nuen. Ateri zegoen, baina haize bizia zebilen. Gaua igarotzeko, artesi baten ondoan zulo bat egin nuen. Eskiko botak kendu nituenean, ohartu nintzen ez nengoela batere ondo. Behatzek kolore urdina zuten. Oinak, berriz, gogorrak eta hotzak nituen. Argi zegoen izozketak nituela. Baina neure burua konbentzitu nuen biharamunean hobeto egongo nintzela. 6.800 metrora nengoen. Bakar-bakarrik, eta nire behatzak desizozten hasi ziren. Egundoko mina sentitu nuen! Lehen elur malutak iritsi ziren, eta une jakin batean haluzinatzen hasi nintzen. Bi egun eman nituen egoera horretan».

Bere onera etorri zenean, alpinista britainiarra elurrez erabat estalita zegoen dendatik irten zen. Behatzak puztuta zituenez, kostata jantzi zituen botak. Aurrez aurre zeregin itzela zuen, besteak beste, bost kilometroko jaitsiera murruaren oinarrira heltzeko eta beste 70 kilometro (horizontalak) espediziokideekin bat egiteko. Sufrikarioa izan zen, baina, bi egun geroago, Passu izeneko igarobidean zegoen. Pixkanaka aurrera jarraitu zuen, eta beste bi egun behar izan zituen Batura glaziarrera iristeko. Beste egun bat oinez eman eta errepide batean taldekideek jaso zuten Price.

Britainiarrak ez du arrakastarik lortu, eta, zoritxarrez, bost behatzetan izozketak izan zituen. Espedizioa horrela bukatu arren, Pricek azken hausnarketa positibo bat egin du: «Helburu oso handia zen, eta argi dut klimak ez didala batere lagundu. Batzuek diote xede hori bakarkako estiloan egitea ezinezkoa dela. Nik oso ondo ikusi dut neure burua, eta oso sasoiko jardun dut».