GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdia eta Peio Etxeberria lagun minak, larunbatean aurkari zuzenak Labriten

Iruñeko pilotalekuan adiskidetasuna alde batera utzi eta, Lau eta Erdiko finalerako txartela jokoan egonda, garaipenarengatik borrokatuko dira.

Peio eta Ezkurdia, konplizitatez beteriko irribarreekin. (I. URIZ | FOKU)

Askorengan ikusmin handia sortu zuen Joseba Ezkurdiaren eta Peio Etxeberriaren arteko material aukeraketak. Atzo goizean Iruñeko Labrit pilotalekuan hitzordua egin zuten, biek larunbatean, eszenatoki berean, Lau eta Erdian jokatu beharreko finalerdirako.

Garaipena eskuratzen duenak sari potoloa izango du: hilaren 20an, Bilbon, kaiolako finala jokatzeko aukera izatea. Aurkaria igandean jokatuko den beste finalerditik aterako da: Jokin Altuna edo Aitor Elordi. Hauek ostegunean aukeratuko dituzte pilotak.

Iragan larunbatean, Unai Laso kanporatu zuenean (11-22), Ezkurdiak aipatu zuen pilotan eta bizitzan egin duen lagunik handienetako bat duela Peio Etxeberria. Atzo, argazkilarien aurrean, bien arteko konplizitatea oso nabarmena izan zen. Hala ere, material aukeraketan entzundako hitzetako bat izan zen «tentsioa».

Zenotzeko aurrelariak -hilaren 23an lortu zuen finalerdietarako txartela, Altunari irabazita- honakoa adierazi zuen: «Josebaren kontra jokatu behar nuela jakin zenetik, gure arteko harremana berdina izan da, baina elkarren kontra aritu behar dugulako tentsio hori nabari da jada...». Hala ere, beste aldea ere azpimarratu nahi izan zuen. «Oso polita da: elkarrekin entrenatzen dugu; astelehenean nik egin nituen frontoi lanak hemen, gaur berak egingo ditu... Politak dira larunbateko partidari begira gimnasioan gure artean egiten ditugun bromak. Uste dut tentsio handiz eta gogoz biziko dugula».

ETA EZKURDIAK ZER DIO BERE LAGUN MINAREN AURKA JOKATZEARI BURUZ?

Arbizuko aurrelariak oso argi du Labritekoa «partida zaila» izango dela. «Frontoian askotan entrenatu dugu elkarrekin eta fisiko aldetik ere. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, baina gauza horietatik ihes egin behar dugu. Nire jokoan zentratu behar dut, eta ahalik eta ongien egin. Honen atzean dagoen guztia ahaztu beharra daukat, eta partida egunean ahalik eta zehatzenen jokatzen saiatu behar dut, oso handia baita jokoan dagoen saria».

Joseba Ezkurdiak edo Peio Etxeberriak finalerako txartela eskuratuko du. Batek bakarrik jokatu ahal izango du partida handia, eta bidetik irten beharko du besteak. Baina, irabazten duenak irabazita ere, argi dagoena da bien arteko adiskidetasuna ez dela inongo bidetan galduko eta, kantxatik aterata, berriro elkartuko dela bidegurutzean.