GARA Euskal Herriko egunkaria

Ezk Fest, Ezkerraldea eraldatu nahi duen musika jaialdia

Bizkaiko Ezkerraldea metalgintzarekin loturiko eremu erdalduntzat hartu izan du askok historikoki. Bertako gizartea ere eraldatzen doa, ordea, eta eraldaketa prozesu horren baitan sortu dute Ezk Fest jaialdia. NAIZek babesa emango dio azaroaren 19an Portugaleten egingo duten festari.

Ñ Blanko, Angela Jurado eta Ane Campos, Ezk Fest-eko antolakuntza taldeko kideak. (ITSASNE DIEZ LAÑA)

«Ezkerraldea aktiboa izan da beti hainbat herri mugimendutan eta azkenaldian goranzko tendentzian doala antzeman dezakegu. Horren harira ekarpen musikal, kultural eta aisialdiko bat egin nahi izan dugu. Egia da langile borrokak hemen epizentro garrantzitsua izan zuela eta egunero eta ahal den guztietan aldarrikatzen dugun zeozer da, baina errealitateak bestelako lehentasun batzuk ere kokatzen dizkigu egun. Mugimendu eta sinergia batzuk indartzen ari dira egun, eta horietan ere jarri nahi dugu arreta, Ezkerraldetik ere Euskal Herria sortzeko bidean», aipatu digu Ezk Fest-eko antolakuntza taldeko kide Iker Alcedok.

Kultura mugimendua nahiko aktiboa izaten ari da Ezkerraldean eta horren adibide dira gaztetxeak. «Gure gaztetasunetik ikusita, langile borrokak utzitako esperientzia eta mugimendu guztia ez dut uste termino berdintsuetan errepikatzen denik egun eta beste forma batzuk hartzen ditu. Ezkerraldearen iruditeria eta subjektibitatea berriz ere eraikitzen ari dira eta gurea bezalako proiektu batek hori du helburu», gaineratu du.

Jaialdiaren sorrera

Ezk Fest antolatu dutenek eskarmentua dute ezaugarri desberdinak dituzten beste jaialdi batzuetan, handixeagoak edo txikiagoak izanda ere. «Entzun eta aipatu izan dugu Euskal Herrian halako jaialdiak bazirela eta ea gurean zergatik ez zen egiten. Santurtzin egin genuen afari batean atera zen ideia eta denbora guzti honetan forma eman eta egokitzen joan gara egun dugun Ezk Fest esku artean izan dugun arte».

Jaialdia luzera begira sortutako zerbait da eta etorkizunean, akaso, ez du aurtengo forma bera izango, antolatzaileek esan digutenez: «Ohiko musika jaialdi batera hurbiltzen da aurtengoa, baina guretzat jaialdia proiektuaren tresna bat da. Aurten, denbora faltagatik eta zehaztasun faltagatik, forma hau hartu du, baina datozen urteetan bestelako kultur adierazpen batzuk txertatzea ere bada gure nahia».

«Guretzat -gaineratu dute- eredu nagusia EHZ festibala da, eredu horretarantz joan nahi dugu. Euskal Herrian bada musika zirkuitu eta kultura zirkuitu oparo bat, hor ere gure aletxoa jarri nahi dugu. Hala, helburu bikoitza lor dezakegu, dagoen errealitatea eraldatzea eta Ezkerraldea ere izan dadila musika zirkuitu horretan geraleku bat eta erreferentziako toki bat».

Hizkuntzatik eta kulturatik eraldatu nahi dute Ezkerraldea Ezk Festeko antolatzaileek.

Bi eguneko festa

Azaroaren 18an, Santurtziko Mamarigako gaztetxean emango zaio hasiera bi eguneko jaialdiari. Ostikda, Tommy Gun, Barbakore eta Rnorte+ taldeak arituko dira 17.30ean hasita. Punka eta musika urbanoa izango ditu protagonista jaialdiak: «Ezk Fest Ezkerraldeko jaialdia izanik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun egun batean bertako taldeez osatutako kartela osatzea. Azken urteetan sortu diren taldeak daude aipatutakoen artean eta baten batean lau herritako kideak ere badaude. Gainera, musika estilo desberdinetakoak dira eta soziologikoki ere nahasketa nahikoa nabarmena da, eta Ezkerraldea hori ere bada, askotarikoa eta zabala, eta hortik ere eraikitzen da eskualdea». Gaztetxea aukeratu dute plaza moduan, bertako autogestioaren ereduari ere balioa emateko eta bere egin nahi dutelako.

Azaroaren 19an, berriz, Portugaleteko La Canilla pasealekuan izango da jaialdi nagusia goizeko hamarretan hasi eta goizaldeko ordu bata arte. «Jaialdi transbertsala izatea nahi genuen eta hainbat ertz ukituko zituena; hortik dator kartelaren osaketa», azaldu du Alcedok. Izan ere, Beranduegi, Chill Mafia, Des-Kontrol, Iheskide, Jazzwoman, Maluks, Ugerda eta Unidad Alavesa taldeak arituko dira bertan, eskaintza zabala benetan. Baina bi eguneko jaialdia antolatzeaz gain, herri eta auzoetan bestelako ekimenetan ere parte hartu dute, beren markarekin sortutako materiala saltzen ere aritu dira, Ezkerraldearen eskualde izaera hori euskal kulturatik garatzeko bidean.