GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Joseba Ezkurdiak bere baitan topatu du kaiolako hirugarren finalerako bidea

Sakea, halako karrozeria batentzat ezinezkoa dirudien gaitasun fisiko izugarria eta defentsan egindako lan ona izan ziren arbizuarraren garaipenaren giltzak markagailuak erakusten duena baino gertuago izan zuen Peio Etxeberria gainditzeko.

Eskuinarekin pilotari nahi besteko abiadurarik eman ez bazion ere, Ezkurdiak partida oso serioa jokatu zuen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Kaiolako bere hirugarren finala jokatuko du Joseba Ezkurdiak hilaren 20an Bilbon, Labriten atzo jokatutako finalerdian Peio Etxeberria adiskideari 22-14 gailenduta. Bere ibilbidean une latz bat baino gehiago bizi izan ditu kantxa barruan arbizuarrak eta ikasketa prozesu luze baten ostean, normalean barrura begiratuta topatu izan du zulo beltzarren irteera. Ondoegi hasi ez zuen Lau eta Erdiko Txapelketa hau ez da salbuespen bat izan eta bere sustraiei helduta, sakea, defentsa izugarri bat eta, batez ere, oso gutxiren esku dagoen gaitasun fisiko batekin, kaiolan saiatuko da Buruz Buruko finalean hartutako belarrondokoari buelta eman eta uda zoragarri bati jarraitutasuna ematen.

Peio Etxeberriari ere biziak oztopo latzak jarri dizkio bidean; esaterako, 15 urte eskasekin etxeko aziendaren kargu egin behar izan zuen ezinbestean eta urte hauetan itzain lanetan eskarmentu handia garatu duen arren, frontoiko kaiolan gobernatu ezin izan duen idisko batekin egin zuen topo. Finalerdietakoa ez zen izan, agian, Lasoren aurkakoa bezalako Ezkurdia ausart eta distiratsua, bai ordea sendo eta zuzena eta hori izugarri antzematen da atzokoa bezalako egun handietan. Orain lehiakortasun handia garatu duen arbizuarrari berari ere zazpi urte kosta zitzaion bere lehen final handia harrapatzea eta alde horretatik Zenotzekoak lasai egoteko motiboak topatu beharko lituzke, atzoko markagailuak iradoki dezakeena baino gertuago izan zuen-eta bere lehen egun handia.

ERRUKIRIK EZ

Lagun handiak izanagatik, hasiera-hasieratik ez zioten elkarri errukirik izan eta pilotakada bakoitza hil ala bizi jo zuten, bigarren aukerarik ez zegoela jakitun. Partidari hobeto ekin zion Joseba Ezkurdiak, lehen tantoan sekulako defentsa erakutsiz eta sakea bere esku zuenean oldarkor arituta. Ia gehienetan, ezker gantxoa izan ohi da pilotari arbizuarraren termometroa: horrek funtzionatzen badio, garaipenetik gertu egon ohi da sakandarra eta atzo ere hala izan zen.

Eta sakearekin izan zuen eraginkortasunaz harago, hortxe egon zen faboritoak hasiera horretan hartu zuen abantailaren beste gakoa. Izan ere, arbizuarrak pilota kontrakantxara ondo gurutzatu zuen, eta Peio Etxeberriak, aldiz, zuzenegi bezala jokatu zion aurkariari eta, Ezkurdiak hanka geldian jokatzen duenean nekez egiten du huts. Hala, lan erdietara, gauzak oso ondo bideratuta zituela zirudiela heldu zen faboritoa.

Baina Ezkurdiak ez zuen lehen atsedenaldirako bidea itxi. Etxeberriak sakea berreskuratu zuen eta lehen pilotakada aurtengo kaiolan izaten ari den garrantzia agerian geratu zen beste behin. Zuzenean eta sake-errematean min egin zion ultzamarrak adiskideari, eta batez ere, alderik alde mugitzen hasi zen eta partida berdintzeko zorian izan zen (11-10). Bi pareta saiakerak, ordea, zabaleko egurretara ihes egin zion eta halatsu egin zion Ezkurdiak ere (16-11).

Bigarren kolpe honetatik errekuperatzea gehiago kosta zitzaion ultzamarrari, eta hori ordurako piloteoan gauzak dezente orekatu zirela. Ezkerrez bai, baina eskuinez kosta egin zitzaion Ezkurdiari pilotari abiadura ematen eta oldarkortasunean ere pauso bat atzera eman ote zuen sumatu genion. Hori bai, hortzak ondo estutu eta defentsan gaitzeko erakustaldia eman zuen eta Etxeberriari ere min handia egin zion aurkariak beti pilotakada bat gehiago jotzera behartu izanak eta amore eman zuen lagunaren nagusitasun fisikoaren aurrean, nahiz eta saiatu zen sakeak txokotik aterata nahasten.