GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Porrot gogorra azken sailkatuaren aurka

Nicolas Bonannok ez zuen golik sartu. (Jon URBE | FOKU)

Hiru partida erreskadan galdu ditu Anaitasunak eta azken hau beste biak baino kolpe gogorragoa izan dela ziurtatu daiteke. Puente Genilen aurka ere gol batengatik galdu zuen, baina kasu honetan, sailkapena ixten zuen talde batek etxean irabazi izanak zortzen du hainbesteko buruhaustea. Frigorificos Morrazok denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen azken unean Braisek eginiko gol bati esker (24-25).

Itxura onean hasi zuen partida Quique Dominguezen taldeak; hain ondo, non Nacho Moyanok hutsartea eskatu baitzuen hasi eta berehala. 4-1eko partziala lortu zuten etxekoek eta hori gutxi ez eta, Barrek eginiko sei geldiketekin, galiziarren saiakera oro ezerezean utzi zuten.

Gutxika-gutxika, baina, Cangas markagailuan gerturatzen joan zen eta lehen zatia bukatzeko bost minuturen faltan, abantaila soilik gol batekoa zen. Fodorean errumaniarrak partida berdindu zuen jaurtiketa indartsu batekin.

AZKEN ERREMATEA

Atsedenaldiaren ostean, berdintasuna mantendu zen une oro. Inork ez zuen aurkariarengandik aldentzea lortu eta 18-17koak hori berresten zuen. Anaitasunak beste martxa bat hartu zuen, eta Elustondoren golekin hirura handitu zen aldea.

Gauzak aldatu egin ziren nafarrak ezustean harrapatu zituen 0-5eko partzialarekin, aspaldiko mamuak berpiztu baitzituen. Quique Dominguezek denbora eskatu behar izan zuen bere mutilak suspertzeko.

29. minutua, 24-24 eta Moyanok eskatutako hutsartea. Hala iritsi zen partida azken minutura. Barrek Juan Del Arcoren beste jaurtiketa bat geldiarazi zuen eta Gerard Fonsek gauza bera egin zuen Bazanen aurrean. Azken unean Braisek 24-25ekoa sartu zuen, Anaitasunako pabiloi osoa kolpean isilaraziz.