Urtzi URRUTIKOETXEA
HAUTESKUNDEAK AMERIKETAKO ESTATU BATUETAN

Ekonomia nagusi (berriz ere)

«Ekonomia da, ergela» esaldiak 30 urte bete ditu, 1992ko hauteskundeetan Bill Clintonen kanpainako eslogan nagusienetakoa bihurtu zenetik. Inoizko agintaldi erdiko boz polarizatuenetan, bestelako gai batzuen inguruan izan da eztabaida, abortu eskubidetik

demokraziaren egoeraraino, baina, beste behin ere, ekonomia gailendu da.

(Jeff SWENSEN | AFP)

Pandemiaren osteko berpizkundeak gidatuta, eta lan merkatua inoizko osasuntsuen egonik (langabezia datu oso baxuekin, %3,5ekoa baita), inflazioak gainez egin du Estatu Batuetan azken hilotan, munduko beste zenbait herrialdetan gertatu izan den bezala.

Alderdi errepublikanoak prezioen garestitze horretan eta gasolina garestian jarri du fokua azken hilotan; kritika ugari jaso arren, Joe Biden Saudi Arabiaraino joan zen bisitan ekainean, hala petrolio ekoizpena handitu eta galoia sei dolarrean saltzeraino iritsi ziren gasolindegiek prezioak jaitsiko zituztelakoan.

Baita lortu ere, gasolina zertxobait merkatzea lortu du, baina errepublikanoen kritikak ez dira apaldu.

Bazuten argudio hori erabiltzea, edo lan merkatuari buruz aipatu duguna.

Baina inflazio historiko horrekin, alderdi demokrataren kanpainako arduradunek

kontraerasoaren estrategia hobetsi dute, Etxe Zuriak hartutako neurriak (ekonomikoak zein politikoak) defendatu ordez.

Auzitegi Gorenak ekainean hartutako erabaki larriak, ia 50 urtez mantendu zen aborturako eskubide konstituzionala ezabatuta, motibo handiagoa eman zien demokratei. Abortu eskubidea bermatzeko era bakarra Senatuan gehiengo demokrata izatea da, Trumpen babesean diharduten politikariekin demokrazia bera dago arriskuan.

Aldi batez, bazirudien estrategiak funtzionatu zuela; pozarren ziren lobby kristauen eta errepublikano kontserbadoreenen ondoan, baziren ohartzen zirenak Gorenaren erabakia herrialdearen batez besteko jarreratik oso urrun zegoela, hauteskunde kanpainaren atarian eskubide zibilen aurkako eraso larria baitzen.

Kansas estatu errepublikanoan, esaterako, erreferenduma deitu zuten abuztuan, estatuko konstituzioan zegoen aborturako eskubide konstituzionala indargabetzeko; mobilizazio feminista handiak erreferenduma irabaztea eta abortu eskubidea bermatzea lortu zuen. Une bertsuan Kongresuan 2021eko urtarrilaren 6ko erasoari buruzko batzordearen saioak izan ziren, matxinadan Donald Trumpen parte-hartzea zenbaterainokoa izan zen argi uzteraino.

Hala, Joe Bidenek ekitaldi solemnea egin zuen abuztu amaieran Filadelfian, AEBen independentzia aldarrikapenaren gunean, MAGA errepublikanoekin (Donald Trumpen jarraitzaileak, eskuin muturrekoak) demokrazia bera arriskuan zegoela ohartarazteko.

Ordurako, baina, estratega errepublikanoek argi zuten Trump edo 2020ko hauteskundeak apalean uzteko unea zela. Azken batean, agintaldi erdiko hauteskundeetan presidentearen eta haren gobernuaren jarduna epaitzen dute herritarrek.

Eta Bidenen onarpen maila oso behean zegoen, %35eraino iritsi zen, azken asteotan %40ra igo den arren.

Uda amaierarako, mugan atzemandako milaka lagun bidali zituzten Texas eta Arizonatik Washingtonera, Chicagora eta New Yorkera, agenda mediatikoan immigrazioak lekua hartu zuen, eta horri, ohi bezala, kriminalitatea lotu zioten errepublikanoek.

Bernie Sanders senatari ezkertiarra

izan zen demokraten kanpaina okerra zela salatzen lehenengoetakoa. Abortu eskubidea ezabatzea oso larria izanda ere, kanpaina horretara mugatzeak errepublikanoen diskurtso ekonomikoa gailentzea zekarrela ohartarazi zuen Sandersek. «Okerra da diskurtso ekonomikoan errepublikanoen gezurrei eta distortsioei ez erantzutea».

Inflazio horrekin Etxe Zuriak bere politikaren zein defentsa egin zezakeen galdetu zioten CNNn, eta Sandersek gogora ekarri zuen inflazio altua orokorra zela herrialde askotan, eta errepublikanoen errezeta aberatsei zergak kentzea zela, «ez diete ezer eskaintzen langile familiei, gizarte segurantza eta Medicare eta Medicaid laguntzak moztea da errepublikanoen jarrera, gutxieneko soldata ez igotzea, osasun zerbitzu unibertsalaren aurka egitea».

Posizio eskuindar horien aurrean jarri eta demokraten euren jarrera defendatu behar zutela nabarmendu zuen Sandersek urri hasieran, demokratei kanpaina gaizki zihoakiela aitortzen zuen artikulu batean.

Geroztik diskurtso errepublikanoa nagusitu da, demokraten beldurraren estrategiaren gainetik.

Ekonomia eta inflazioa ageri dira herritarren kezka nagusi gisa, demokraziaren egoeraren edo abortu eskubidearen aurretik, horiek ere goian egon arren.

Azken hamar egunotan, demokraten diskurtsoan aldaketa nabaritu da.

Lorpen sozialak azpimarratu dituzte kanpainan, eta gogora ekarri dute osasun zerbitzu publikoak errepublikanoen agendatik kanpo daudela.

Errepublikanoek inflazioaren aurka daukaten «plan sekretua ez da hain sekretua. Estatubatuarrei min eginez eta gure arazoak okertuz egin nahi diote aurre inflazioari. Errepublikanoei boterea eman, eta aberatsei zergak kendu eta gainerakooi mesede egiten diguten programa sozialak kenduko dizkigute», salatu du Donna Brazille demokraten batzorde nazionaleko estratega politikoak.

Gakoa da mezu berria garaiz iritsiko ote den boto emaileengana; bi alderdiek erakarri nahi dituzten aldirietako herritar horiengana batez ere: etxe dotoreak edo urbanizazioak izan ohi dituzte hirien kanpoaldean, eta sozialki aurrerakoiak izan ohi badira ere, ez dira hainbeste neurri ekonomikoei dagokienez.

Trumpengandik urrunduta demokraten azken garaipenetarako gako izan dira. Ikusi beharko da hauteskunde hauetan ere zein rol daukaten.