Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Zuri koloreko udazkeneko denboraldia oso bitxia izan da

Eguraldi kaskarrak eta etengabeko elurrak zapuztu ditu Himalaiako zortzimilakoetan eta mendi txikiagoetan egin diren jarduera asko. Oro har, Manaslun izaniko egoera batzuk kritikatu dituzte.

Azken egun hauetan aurreratu dugu Indiako Himalaian zuri kolorea nagusitu dela udazkeneko denboraldian. Montzoiak ez du etenik izan, eta pilatutako elurrak mendi guztiak egoera oso arriskutsuan utzi zituen. Jarduera alpino bat erreskatatu genuen, Garhwal eskualdean sinatutakoa. Ia bakarra, antolatu ziren espedizio guztietatik.

Nepalgo Himalaian ere denboraldi bitxia izan da. Antzekoa alde guztietatik begiratuta. Irailean zein urrian elur asko bota du, eta egoera horrek eragin zuzena izan du zortzimilakoetan eta garaiera txikiagoko mendi teknikoetan. Hori gutxi ez eta, zorigaiztoko gertaerak egon dira. Hildakoak, alegia. Ohiko pilaketak, soka finkoa kanpaleku nagusitik gailurrera, oxigeno gehigarriaren gehiegizko erabilera… Eta, jakina, horren guztiaren inguruan berriz ere kritikak egon dira.

Bitxia da, halaber, munduko mendi garaienak, Everestek, ez duela protagonismorik izan. Espedizio gehienak udaberriko denboraldian (aurten 408 baimen) biltzen dira; udazkenean, aldiz, gutxi dira bisitatzen dutenak. “Hutsune” hori bete duena Manaslu izan da. Zortzimilako hori igo ahal izateko, Nepalgo administrazioak 404 baimen banatu zituen. Eta pilaketa horren inguruan bazegoen galdera ikur bat argitzeke: benetako gailurra zapaltzeko mendizale asko gai izango ote ziren? Nepalgo hainbat agentzientzat lan egiten duen alpinista talde batek zortzimilakoak duen ertz zorrotz hori ekipatu zuen, eta, horri esker, ia ehun mendizale gailurrean izan ziren.

Agentzia horietako bezeroentzat berri onak ziren, baina aipatu dugun klima gaiztoak sortutako baldintza kaskarrek ezbehar bat baino gehiago eragin zituzten. Irailaren 26an, hirugarren eta laugarren kanpalekuen artean izan zen elur jausiak bederatzi mendizale harrapatu zituen. Bat hil egin zen. Ondoren, zortzimilakoa eskiekin jaisten ari zen bitartean, Hilaree Nelson alpinistak istripua izan zuen, eta Manasluko magaletan geratu zen betiko.

Nahiz eta baldintza oso arriskutsuak ziren, talde komertzialek (ez guztiek) aurrera jarraitu zuten. Arrisku objektiboak kudeatzeko orduan, argi geratu da agentzia horiek dituzten interesak. Elur jausi gehiago izan dira, eta mendizale batzuk onik atera ziren helikopteroekin erreskatatu ondoren. Gai honen inguruan Ralf Dujmovits alpinista entzutetsuak adierazi du: «Haizete gogorrak zeuden, eta elur asko egiten ari zen. Guk atzera egitea erabaki genuen. Nahiz eta baldintzak oso gogorrak izan diren, oxigeno artifiziala erabili zuten mendizale batzuek tontorra egin zuten. Baina horietako gehienek “arrakasta” hori izozketekin ordaindu dute. Manaslu ez da mendi samur bat. Eta soka finkoak jarri bazituzten ere, eskarmentu gutxi duten mendizaleek arazoak izan (eta sortu) dituzte. Pilaketak nonahi izan dira».

Hitz gutxitan esanda, azken urteotan beste zortzimilakoetan izan diren egoerak ikusi ditugu: eskarmentu gabeko mendizaleak, oxigeno gehigarriaren gehiegizko erabilera, gailurra lortzeko planifikazio eskasa… Eta aipamen horien guztien gainetik, hiru hildako izan dira.

Beste zortzimilakoaK

Arestian Everest aipatu dugu; bada, aurtengo denboraldian ez da berririk izan. Andrzej Bargiel poloniarrak foku guztiak bereganatu zituen. Munduko mendi garaiena eskiekin jaitsi nahi zuen. Bere taldeko alpinista nepaldarrek Khumbuko glaziarra soka finkoekin antolatu zuen. Oxigeno artifiziala erabili gabe, laugarren kanpalekutik irten zen, baina haizete indartsuek tontorra lortzeko ekinaldia bertan behera uztera behartu zuten.

Dhaulagirin ere espedizioak jaso ditu. Jaso bai, baina den-denak etxera esku hutsik itzuli dira.

Bestalde, Cho Oyun itxaropena zuten Nepalgo isurian bide berri bat zabaltzeko. Txinak Tibeteko hormatik zortzimilako hori igotzeko jartzen dituen trabak direla-eta, joan den neguan herrialde horretako bi talde komertzial ibilbide bat sortzen saiatu ziren. Zintzilik utzitako lan horiek udazken honetan berreskuratu dituzte, eta ez dute arrakastarik izan orain ere. Pionneer Adventure eta Seven Summit Treks taldeak batu ziren, eta hirugarren kanpalekura arte (7.500 m) soka finkoa jarri zuten. Laugarrenera abiatu ziren, baina eguraldi txarrarengatik eta baldintza arriskutsuengatik lan horiek guztiak bertan behera utzi zituzten.

Jakina, klima horrek erabat baldintzatu ditu estilo alpinoan jarduera teknikoak helburutzat zituzten taldeak. Manasluko mendebaldeko horma, Jannu, Langtang Lirung… horietan guztietan ezin dute igoerarik egin.

Errekorrik ez

Azken hilabeteotan, Kristin Harilaren izena behin baino gehiagotan aipatu dugu. Norvegiarrak Nirmal Purjak duen errekorra hobetu nahi zuen; alpinista nepaldarrak sei hilabete eta sei egun behar izan zituen hamalau zortzimilakoak igotzeko. Marka hori gainditzeko, udazken honetan Harilak Manaslu, Cho Oyu eta Shisha Pangma sinatu behar zituen. Manaslu (benetako gailurra) erdietsi du; ez, ordea, beste biak. Kontuan hartu behar da Cho Oyuk eta Shisha Pangmak Tibeteko isurian dituztela ohiko bideak. Txinako gobernuak ez dio baimenik eman bi zortzimilako horietan jarduteko: «Bukatu da. Une honetan saiatzen ari naiz azken sei hilabeteotan egin dudan lana onartzeko, eta bereziki Cho Oyun eta Shisha Pangman jarduteko behar nituen baimenak lortzeko egin dudan borroka».

Gogora dezagun 36 urteko alpinista norvegiarraren xedea udaberriko denboraldian hasi zela Dawa Ongju eta Pasdawa alpinista nepaldarrekin; hain zuzen ere, apirilaren 28an. Oso erritmo ona zeramaten, baina Txinak zapuztu egin ditu norvegiarraren eta nepaldarren asmoak. Azpimarratzeko da ere, Purjak ez bezala, Harilak ez dituela baimen horiek lortu: «Norvegiako gobernuari eta munduko alpinista guztiei eskatu nien txinatarrak presiona zitzatela. Baina ez dut emaitzarik erdietsi».

Protagonista honek aurreratu du heldu den udaberrian erronka hori biribiltzen saiatuko dela. Eberhard Jurgalskik zortzimilakoen benetako gailurren inguruan egin duen azterketa sakona kontuan hartzen badugu, Purjak 2 urte, 5 hilabete eta 15 egun behar izan ditu zerrenda horrekin amaitzeko. Eta hori diogu 2019ko proiektu horretan Dhaulagiriko eta Manasluko benetako tontorrak ez zituelako zapaldu. Nepaldarrak iaz “arantza” horiek gainetik kendu zituen.

Gelje Xerpak ere ezin izan du beste errekor bat sinatu. Hamalau zortzimilakoak igotzen alpinista gazteena bihurtu nahi zuen. Orain arte, Mingma David Xerparen eskuan dago; hamalauak 30 urte eta 5 hilabeterekin amaitu zituelako. Gelje Xerpari soilik Cho Oyu geratzen zitzaion, eta honek ere ezin izan du udazkeneko denboraldian eskalatu.