GARA Euskal Herriko egunkaria
ENDESA LIGA

Laugarren garaipena IDK Euskotrenentzat; porrota Araskirentzat

IDK Euskotrenek bolada ona luzatu du. (@IBAETABASKET)

Txanponaren bi aldeak agertu ziren atzo goizean Endesa Ligako bi euskal taldeen partidetan. Herenegun Lointek Gernikak sentsazioak berreskuratu bazituen, atzo bolada onari jarraipena eman zion IDK Euskotrenek. Laugarren garaipena erreskadan erdietsi zuten donostiarrek, igo berri den Hozono Global Jairis talde murtziarraren aurka (84-73).

Hasi eta buka, nagusi izan zen etxeko taldea, Natalia Gonzalezen hiru hirukoei esker eta baita Coulibalyren hiru saskiratzeekin ere. Lehen laurdena 22-17 markagailuarekin bukatu zen, oraindik ere murtziarrak estu jokatzen zeudela.

Bigarren laurdenean, baina, aldeak handitzen joan ziren Azu Muguruzarenak. Gonzalez eta Coulibalyren erakustaldira batu ziren Joy Alexis Brown eta Nicole Cardaño, bakoitzak zortzi puntu eskuratuz, eta jada partida apurtzen joan zen (43-28). Atsedenalditik bueltan ez zuten lorik hartu donostiarrek eta kanpotarrentzat gehiegi izan zen.

Partida borobila jokatu zuten. Horren erakusle, azken laurdena 68-45eko markagailuarekin hasi zela. Coulibaly eta Joy Brownen fintasunak bukaeraraino iraun zuen, gainera, eta hala, sufritu gabeko garaipena erdietsi zuten. Laugarrena jarraian, hirugarren postura igotzeko.

PORROTA LUZAPENEAN

Kutxabank Araskik, berriz, porrota jaso zuen Barçaren etxean, partidaren luzapenean. Partida desegoki hasi zen bi taldeentzat. Izan ere, hiru minutuko jokoaren ondoren, Kutxabank Araskik eta Barça CBSk bina puntu baino ez zeramatzaten. Hala ere, Urietaren neskek joko egoera horretara egokitzen jakin zuten eta Diarra izan zen nagusi erasoan aukera gehiago izateko. Saskiratze gutxiko lehen laurdenaren ostean (9-13), gasteiztarrak erasoan askatu ziren Florencia Chagasen gidaritzapean.

Hiruko jaurtiketatik asmatuta, talde gasteiztarrak Barça menderatu eta 13 puntuko abantailarekin bukatu zuen lehen zatia (23-36). Atsedenalditik bueltan, baina, dinamika aldatu zen.

Eraginkortasunean kamuts aritu ziren eta Barçak gasteiztarrak estutzea lortu zuen 11 segundoren faltan. Azken-aurreko jokaldian, Diarrak huts egindako bi jaurtiketa libreren ondotik, luzapenera joan zen dema (48-48). Aparteko bost minutuetan, Kutxabank Araskik ez zuen egoera errazik aurkitu erasoan (60-52).