Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Euskal surflari guztiak kaleratuak Brasilgo Saquarema Pro txapelketan

Adur Amatriain, Ariane Ochoa, Nadia Erostarbe eta Pauline Ado hirugarren erronda aitzin kaleratuak, Brasilen egiten ari diren CS itzuliko txapelketan.

Pauline Ado itsasoratzeko prest.
Pauline Ado itsasoratzeko prest. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Challenger Series mailan diren Euskal Herriko sei surflarietatik lau baino ez dira izan egunotan Brasilgo Saquarema hondartza famatuan egiten ari diren txapelketan eta haietako inork ez du zorte handirik izan. Txapelketa oraindik ez da amaitu eta sekulako maila dago, lehen mailara igotzeko azken aukerak xahutzen ari baitira munduko surflari hoberenetakoak.

Adur Amatriain eta Ariane Ochoa lehen errondan izan ziren kaleratuak, eta Nadia Erostarbe eta Pauline Ado, ostera, bigarren errondan kaleratu zituzten. Garazi Sanchez-Ortun eta Leticia Canales, CS mailan diren beste bi euskal hiritarrak, ez ziren lehiatu Brasilen.

CORONA SAQUAREMA PRO

Oraindik ez da amaitu egunotan Brasilen egiten ari diren CS itzuliko seigarren txapelketa. Mutilen zein nesken kategorian finalerdietan dira eta datozen orduetan jakin ahal izango dira irabazleen izenak.

Azpimarragarria da Brasilgo txapelketako maila, CT mailara igo nahi duten lehiakideez gain bigarren mailara jaitsi nahi ez duten lehiakideak ere bai baitaude, hiru bider munduko txapeldun izan zen Gabriel Medina kasu.

CS itzuliko azken proba azaroaren 26tik abenduaren 7ra bitartean jokatuko da Hawaiin, Haleiwa hondartza famatuan. Puntuak biltzeko azken aukera izango da CS zirkuituko 96 mutil eta 64 neskentzat, eta horren ostean, aurten lehiakide bakoitzak eskuratu dituen lau emaitza hoberenak kontuan hartuta, mutilen rankingeko lehen hamar sailkatuak eta nesken rankingeko lehen bost sailkatuak lehen mailara igoko dira.