GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Goi mailako big wall bat zabaldu dute Indiako Garhwal eskualdean

Wadim Jablonski poloniarra eta Ondrek Huserka eslovakiarra izan dira protagonistak. Sokadak horrek “Gangotri gambling” bidea (6c+, M6, A0) sortu du. Hiru eguneko ekinaldian hemezortzi luze ireki zituzten.


Himalaian montzoiaren denboraldia amaitzen denean, berez, etengabeko prezipitazioak etena egiten du. Eta horrek udazkeneko denboraldiari ateak zabaltzen dizkio. Klimaren aldagaiak ez dira beti zehatz-mehatz betetzen, eta aurten Indiako zein Nepalgo montzoi osteko denboraldian jardun dutenek ikusi dute prezipitazioek ez dutela baretzeko inolako intentziorik izan.

Indiako Himalaian, adibidez, espedizio gehienak esku hutsik itzuli dira etxera. Garhwal ibarreko aldatsetan elur jauzi asko sortu dira. Arriskua erabateko izan da; adibide gisa, Draupadi ka Dandan izandako 30 hildakoak.

Nahiz eta jarduera alpinoak egiteko baldintza onik izan ez den, talderen batek edo bestek zortea izan du azpimarratzekoa den eskalada bat Garhwalen egiteko. Adam Bielecki poloniarrak zuzendutako espedizioko bi kide dira protagonistak: Wadim Jablonski eta Ondrej Huserka. Bieleckik asmo handiak zituen esku artean: Thalay Sagar (6.904 m), Bhagirtahi II (6.512 m) eta Swachhand (6.721 m). Eguraldi gaiztoarengatik plan guztiak bertan behera utzi zituen.

Jablonski poloniarrak eta Huserka eslovakiarrak ez zuten etxera itzuli nahi beste helburu bat probatu gabe. Izenik ez zuen dorre batera abiatu ziren. Kedar Tal haranean dago, eta 5.602 metro ditu.

Zutoina ondo aztertu zutenean, urriaren 14an eskalatzen hasi ziren. Jablonskik eta Huserkak adierazi dute, espedizioaren benetako helburuak baztertu zituztenean, animoak apaldu egin zirela: «Zorionez, Kedar Tal ibarrean hormatzar bikaina ikusi genuen. Asko motibatu ginen, eta hura eskalatzeko ekinaldi bat egiteko adostu genuen. Hiru eguneko igoera izan zen».

Sortutako marra berriari “Gangotri gambling” deitu zioten. Denera, hemezortzi luze ireki zituzten. Gainditutako zailtasunak, berriz, honakoak izan ziren: 6c+, M6 eta A0. Zutoin horri ere izena jarri zioten: Phaalkan Meenaar: hindi hizkuntzan “belatzaren dorrea” esan nahi du.