GARA Euskal Herriko egunkaria

EBk «beste hiru urtez» jarraituko du ikatza erretzen eta gasa bilatzen

Europar Batasuna klima arloan bere konpromisoak handitzeko prest agertu da COP27 goi bileran, baina gutxienez «beste hiru urtez» ikatza erretzen eta gasa bilatzen jarraituko duela adierazi zuen, Ukrainako gerraren aitzakiaz.

Herrialde aberatsek erregai fosilak Afrikan bilatzen dituztela salatzeko protesta. (Joseph EID | AFP)

Frans Timmermans Europar Batzordeko presidenteordeak adierazi zuenez, Europar Batasunak (EB) ikatza erretzen eta gas-hornidurak bilatzen jarraituko du, Ukrainaren inbasioak eragindako krisiaren aitzakian. «Bai, ikatz gehiago erretzen ari gara, gas natural gehiago bilatzen ari gara. Baina hiru urtez bakarrik izango da, gero aldaketa handia egingo dugu eta berriztagarri gehiago sartuko ditugu. Hala ere, oraindik helburu bera dugu, eta gure helburua hobetu dugu», adierazi zuen Timmermansek COP27 klimaren goi bileran, Xarm el-Xeikhen.

Are gehiago, ziurtatu zuen EB prest dagoela bere konpromiso klimatikoak handitzeko eta isurketak 2030erako gutxienez %57 murrizteko (1990eko datuekin alderatuta), gaur egun aurreikusita dagoen %55aren aldean.

«Ez utzi inori esaten EB atzera egiten ari dela. Ez utzi esaten Errusiak Ukraina inbaditu izana Europako Akordio Berdea suntsitzen ari dela», nabarmendu zuen. Baina ez zuen sinesgarritasun handirik lortu eta Ukrainako gerraren aitzakiari eutsi zion berriz ere. Bere esanetan, Europak Errusiako gasaren alternatibak bilatu behar izan ditu eta «estatu kideek izugarrizko ahalegina egin dutela etxeek eta negozioek pare bat urtez bizirik iraun dezaten». Climate Action Network Europe erakundeko Chiara Martinellik, ordea, hitzok esan zituen: «Bizi dugun larrialdi klimatikoak ez du merezi EBren apurrik».

EBk ekologisten kritikak jaso ditu erregai fosilen hornitzaile berriak bilatzen dituen bitartean Afrikan erregai fosiletan egindako inbertsioak kritikatzen dituelako.

Etsipena

Halaber, gutxien garatutako herrialdeek ere herrialde aberatsen anbizio falta kritikatu zuten. «Berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeari dagokionez, lidergorik eta anbiziorik eza kezkagarria da», esan zuen Alioune Ndoye Senegaleko Ingurumen ministroak, Gutxiago Garatutako Herrialdeen taldearen izenean, «etsipenak markatutako» hiru hamarkada salatuz.

«Zenbat COPek eskatu dugu premiazko ekintza klimatikoa? Zenbat gehiago beharko dira? Zenbat bizitza beharko ditugu?», azpimarratu zuen Conrod Huntek, Belizeko negoziatzaileak.

Conrod Huntek, Antigua eta Barbudako negoziatzaileak eta Uharte Estatu Txikien Aliantzaren buruak, gogor kritikatu zituen COPera «hitzaldi handiak ematera joaten diren herrialdeak baina erregai fosilen industria ahalik eta errentagarriena mantentzeaz soilik arduratzen direnak, ahalik eta denbora luzeenean. Sistemari iruzur eginda, gure bizkar. Engainu honek ezin du jarraitu, jada ez».

Hala, COP27an orain arte egin diren zirriborroetan oso helburu eskasak jaso dituzte, bai berotze globalaren inguruan, baita herri kaltetuenei galerak ordaintzeko konpromisoetan ere.