Urtzi URRUTIKOETXEA
TRUMP 2024KO PRESIDENTZIALETARA AURKEZTUKO DA

«Iragarpen garrantzitsuaren» gainetik, aipatu gabe utzitakoa

Gidoia bete du Trumpek eta 2024ko hauteskundeetarako hautagaitza ofizialdu du. Ohiko tonua erabili du; ziur aski, aipatu gabe utzi duenak hartzen du garrantzia, lerro artean irakurrita: 2020ko hauteskundeetako ustezko iruzurrari eta Ron DeSantis balizko hautagaiari buruz hitzik ere ez du esan.

(Giorgio VIERA | AFP)

Agintaldi erdiko hauteskundeek Alderdi Errepublikanoa astindu dute, eta nahiz eta porrota -edo espero ziren emaitzak lortu ez izana- hautagai trumpistei egozten zaien, Donald Trumpek argi utzi du ez daukala erretiratzeko asmorik.

Baliteke errepublikanoak Trumpez nekatu izana, baina Trump ez da nekatu. Eta oraindik itsu-itsuan jarraitzen dioten milaka errepublikano ditu atzetik. Egunetik egunera hautagai berri bat behar dutela uste dutenak gero eta gehiago izan arren, Trumpek ez du berehalakoan onartuko halakorik. Ezta alderdia bera hondoratzeko arriskua badago ere.

Alderdi Errepublikanoaren baitan zatiketa handia sor dezake datozen bi urteotan. Bera da oraingoz presidentegai izango dela ofizialki esan duen bakarra; urrats garrantzitsua da, kanpainetan hain garrantzitsua den diru-bilketaren abiapuntua delako. Datozen hilabeteetan, 2023ko negu-udaberrian, litekeena da beste hautagai batzuek ere ofizial egitea alderdiaren presidentegai izateko asmoa.

Trumpek, joan den asteko oldarraldiaren ostean -bereak eta bi bota zituen Ron DeSantis Floridako gobernadorearen aurka; kinieletan hautagai errepublikano izateko indar handieneko ordezkari gisa ageri dena-, ez du alderdikide bakar bat kritikatu. Hala, diskurtso gogor baina sarritan entzunaren inpresio orokorra geratu zen, alderdi barruko kritikoak umiliatzeko erabili ohi dituen izengoitirik gabe. Gatz hori kenduta, aspergarri iritzi diote gehienek Trumpen hitzaldiari. Inflazioa eta gasolina garestia aipatu zituen Trumpek, eta etxeko petrolioa ustiatu beharrean Biden atzerrian eskean dabilela salatu zuen. Segurtasuna, kriminalitatea, mugak eta, zelan ez, Mexikoko harresia ere ohi bezala hizpide izan zituen, eskuinerantz egin duten komunitate latinoak txalotuz: «Haiek dakite inork baino hobeto muga segurua izatearen garrantzia».

Proposamen muturrekoenetan, droga-trafikatzaileei heriotza-zigorra ezarri behar zaiela esan zuen, azken asteotako kanpainan lehen ere errepikatu duen bezala. Baina alderdi barrura begira sartu ohi dituen ziriak gorde zituen bezala, 2020ko hauteskundeak «ostu» zizkiotela ere alboan utzi du, aholkulariek behingoan konbentzitu balute bezala aurrera begirako proposamenekin jo behar duela hautesleen aurrean.

Badago ukitu nahi izan ez zuen gai bat: Roe, aborturako eskubide

konstituzionala, ezabatu izana. AEBetako lobby kristau protestantearen garaipen handi hori ez zen posible izango, Trumpek izendatutako epaileek Auzitegi Gorena eskuin muturrera eraman izan ez balute.

Hitzaldia zenbateraino izan zen errepikakor eta zenbateraino ari den AEBetako eskuinaren zati bat Trumpengandik urruntzen ohartzeko, detaile bat: trumpismoaren ideien bultzatzaile nagusietakoa izan den Fox telebista kateak berak zuzeneko emisioa eten zuen presidentegai zela esan eta gutxira. Mike Pence, Donald Trumpen presidenteorde ohia, bere memoria-liburua aurkezteko elkarrizketak ematen ari zen; Foxeko aurkezleek ezinbestean galdetu zioten hautagaitzari buruz, eta botoa emango ote zion: «Uste dut 2016an bera zela Hillary Clintoni irabazi ahal zion bakarra. Baina garai desberdinek lidergo desberdinak behar dituzte», erantzun zuen Pencek.

Presidenteorde ohiak aipaturiko errepublikano bakarrak Greg Abbott Texasko gobernadorea eta abenduan Senaturako bigarren itzulian lehiatuko den Herschel Walker Georgiako hautagaia izan ziren.

Joan den asteko hauteskundeek argi utzi zuten, ordea, Trumpen besarkada, alderdi barruko primarioetan erabakigarria izan ohi bada, bozketa orokorrean kaltegarri dela. Trumpen babes zuzenak errepublikanoek 50. senataria lortzeko beharrezko dituzten boto-emaile batzuk uxa ditzake. 2021eko urtarrilean halaxe galdu zuten errepublikanoek Georgiako senataria.

Trumpek, ohi bezala, datuak bere erara bihurritu zituen:

berak bultzatutako hogeitaka hautagaien porrota aitortuta ere, beste 220k bozak irabazi zituztela aldarrikatu zuen.

Washingtoneko Ordezkarien Ganberan eta Estatuetako legebiltzarretan egongo dira ordezkari trumpista horiek, egia da, baina ia lehiarik gabe erabat errepublikanoak diren barrutietan hautatu dituzte. Bidenabar, Trump iragarpena egiten ari zen une berean baieztatu zen errepublikanoentzat zela Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Ziurrenik demokratek baino 5-7 eserleku gehiago izango dituzte zenbaketa amaitzean: 215 inguru demokratek eta 220 inguru errepublikanoek.

Trumpek hautagaitza iragarri eta berehala iritsi da Joe Bidenen erantzuna, Twitter bidez, bere kontu pertsonaletik, ez presidentearenetik: «Donald Trumpek kale egin zien Estatu Batuei». Indonesian G20ko bileran gaiari buruz iruzkinik ba al zuen galdetuta, ezetz erantzun du. Zalantzarik gabe, une erosoa da errepublikanoen lehia hasteko.

Hitzaldiaren amaieran ihes egin zion Trumpi kanpaina berrian izango duen oztopo eta kontraesan handietako batek: Washingtonen eta politikarien aurka dagoela esan ostean, aitortu zuen dagoeneko bera ere politikaritzat hartu behar dela. Ezin ahaztu, mundu osoan klase politikoen aurka oro har zabaltzen ari zen olatu baten baitan antipolitikaren mezu populistarekin lortu zuela 2015-2016an Alderdi Errepublikanoko hautagaitza lehendabizi eta presidentetza gero.

Establishmentaren aurka ziharduen outsiderra zen Trump, inor esatera ausartzen ez zen diskurtsoarekin. Egun eskuin muturrak erabat bere egin duen mezua da; eta ez da falta hura zabaltzeko asmoz dabilen mezularirik, Floridatik bertatik irten gabe.