GARA Euskal Herriko egunkaria

«Gari eta goroldiozko», Anari Alberdiren lehendabiziko eleberria kalean da

Anari Alberdik bere estreinako liburua kaleratu du: «Gari eta goroldiozko». 50 urte inguru dituen emakume baten bi bidaietan oinarritutako hausnarketak dira nobelaren erroa. Alberdik uste du inoren bizitza ez dela kontatzeko beste interesgarri, eta horregatik kontatzeko moduari jarri nahi izan dio arreta.

Anari Alberdi, atzo, bere lehen eleberria aurkeztu aurretik, Donostian. on (J URBE | FOKU)

«Selfi poliedriko» gisa definitu zuen Anari Alberdik bere lehen nobela, “Gari eta goroldiozko”, protagonistak inguruari begiratzeko eta kontatzeko duen modua baita erdigunean jarri nahi izan duena. Anari musikagintzaren bidetik egin da ezaguna; eta bere lehen diskoak eta bere lehen liburuak komunean badutela gauza bat aitortu zuen atzo: erretrobisorea. «Orain askoz beteago dago erretrobisore hori, baina hor dago». Atzo aurkeztu zuen liburua Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Leire Lopez editorearekin eta Jose Luis Otamendi idazlearekin batera. Guztiz bete zen aretoa lagun, senitarteko eta enparauekin.

50 urteren bueltan den emakume baten bi bidaia kontatzen ditu liburuak, testu txatalak tartekatuz. Lehen bidaia zinematik etxera bitartekoa da, eta bigarrena bere amaren aldeko familiaren aspaldiko etxera. «Gutako edonork» bizi duen bidaia bat izan daitekeela azaldu zuen idazleak berak.

Kantu bidez azaldu ezin dituenak azaltzeko baliatu duela literaturaren diziplina kontatu zuen Alberdik. Denbora oso presente dagoen elementua da nobela osoan, eta pisu berezia izan du sorkuntza prozesuan ere. Hala sakondu zuen: «Denborak toles egin zidan, eta norabait begira jarri. Bi elementu elkartu zitzaizkidan idazketa prozesuan: batetik, duela hamar urte testu bat idazten hasi nintzen, konturatu bainintzen gazte hil zen gure aita baino zaharragoa nintzela jada; eta bestetik, duela ez horrenbeste, 13 olibondo zaintzeko ardura heredatu nuen». Bi garai eta bi osagai horiek sortutako burutazioak eta hausnarketak ekarri ditu paperera.

Adierazi zuen idazketa prozesuan ez duela helburu gisa jarri norabait iristea, «nonbaitetik ateratzen zitzaizkidan pentsamenduak nonbait kokatzea baizik».

Hausnarketarako bidaiak

Protagonistaren eta idazlearen artean aurki daitezkeen antzekotasunak «kointzidentzia hutsak» direla esan zuen ironiaz Anarik. Eta azaldu zuen, bere ustez inoren bizitza ez dela kontatzeko modukoa, liburua batean jasotzeko bezain interesgarria, baina bai kontatzeko era. «Hori da literatura, kontatzeko modua, eta hori egiten saiatu naiz». Hiru protagonista ditu liburuak: pertsonaia bera baina bi garaitan, eta narratzailea, hau da, kontatzen duena.

Leire Lopezek azpimarratu zuen hari nagusia protagonistaren bidaiek markatzen dutela, baina bestelako testu txatalek ere garrantzia berebizikoa dutela: «Testu txatal horiek zentzua lukete beste liburu batean ere, baina istorio honetan hausnarketa indartsuak dira».

Otamendiren iritziz, «oso ausarta» da ohiko jardun eremuan ezaguna den artista bat beste diziplina batean ikustea. «Barruko zure lokatzetara hurbiltzeko» liburua da bere ustez. Eta erantsi zuen: «Adieraztea kostatzen zaigunontzat hausnarketak hitzetara zehatz eta doi ekartzeko dohaina du Anarik».

Protagonista den emakumearen orainetik iraganera egiten da bidaia: «Denbora tarte horietan film bat irakurtzen den antzera irakurtzen da liburua, bere travelling eta zoom efektuekin».

Izenburuari erreferentzia eginez, Alberdik aitortu zuen Atxagaren “Obabakoak” liburuari zor diola; han irakurri zuen lehen aldiz pertsonaia baten deskribapenean «gari eta goroldiozko» eta ordutik buruan bueltaka ibili duen esaldia izan da. «Nire bi paisaiez ari zela iruditzen zitzaidan», esan zuen.

Azala Mikel Uribetxeberriaren obra bat da. «Animalia lekuz kanpo dago, eta barnean dagoena erakusten du», Alberdiren iritziz.