GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Qatar 2022, futbolaren aurpegi iluna


Futbola munduko kirolik ezagunena izango da eta igandean Qatarren hasiko den munduko txapelketa, zalantzarik gabe, urteko kirol ekitaldi nagusia. Atzealde gaiztoa du ospe horrek, ordea: bere inguruan antolatu den negozio monumentala, lehiaketa erabat bereganatu duena. Qatar 2022ko munduko txapelketa da edozein kirol-jarduerak berezko duen aisialdi eta gozamenarekin zerikusi gutxi duen negozio ikaragarri horren adierazlerik argiena.

FIFAk futbol-tradiziorik ez duen herrialde bat lehiaketaren egoitza izendatu zuenetik polemika izan da. Bere dohaintza nagusia hidrokarburoen erreserba itzelek ematen duten finantza-muskulua da. Izendapenaren inguruan, eroskeria salaketak berehala agertu ziren. Ez da, ordea, eztabaidagai bakarra. Qatarreko biztanleen %80 atzerritarrak dira. Gutxiengo batek agintzen du, erregimen autoritario baten bidez. Giza eskubideekiko errespetu gutxi erakutsi du herrialdeak, bereziki emakumeei eta LGTBI kolektiboari dagokienez. Langileei tratu duina ematea ere ez du bereizgarri. Langile gehienak atzerritarrak dira eta kafalak, babesletza-sistemak -partzialki eraberritua nazioarteko presioaren ondorioz-, kontratisten esku jartzen ditu langileen eskubideak, eta horrek, kazetaritza-ikerketa batzuen arabera, 6.500 langile inguru hil ditu txapelketarako azpiegiturak eraikitzen ari zirela. Hala eta guztiz ere, Qatarrek futbola bere burua nazioartean promozionatzeko erabiltzea erabaki du. Historiako mundial teknologikoena antolatu du, munduko lehen 5G sarea duena. Jasangarriena ere izan nahi du: estadio desmuntagarrien eraikuntzan inbertitu du Qatarrek, lehiaketako egoitzen arteko gehienezko tartea 55 kilometrokoa da eta garraio publikokoko sistema bat diseinatu du futbolzaleak batetik bestera erraz mugitzeko. Horretan 200.000 milioi dolar baino gehiago inbertitu ditu. Baliabideak xahutzea ez da inoiz ekologikoa.

Negozioak futbola erabat usteldu du tokiz eta logikaz kanpoko mundu txapelketa honekin. Kirol arloa gailentzea eta mundu osoko zaleek futbol onaz gozatu ahal izatea besterik ez da geratzen. Eta laster Euskal Herriko zaleek euren selekzioa nazioarteko lehiaketetan animatzeko aukera izatea.