21 NOV. 2022 KOLABORAZIOA Euskaraldia, hitzez ekiteko garaia heldu da Mitxel ELORTZA Ilusioz, arduraz eta gogotsu ekin diogu Euskaraldiari. Ekimenak abenduaren 2ra arte Euskal Herriko txokoak euskaran murgiltzea du helburu, hizkuntza ohiturak aldatu eta txipa aldatzeko. Egunotan, belarriprestok eta ahobiziok elkarrekin euskaraz aritzeko aukera berriak izango ditugu: auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da. Hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzeko aukera paregabea da, noski. Baina ez dezagun ahaztu ardura ezin dela soilik norbanakoon esku utzi. Egun dugun egoeraren erantzule edo arduradunak Euskal Herrian ditugun gobernuak dira, eta badirudi bi urtean behin Korrikan eta Euskaraldian parte hartuz kontzientzia lasai gelditzen zaiela. Hizkuntza politika ausartak behar ditugu, euskara konplexurik gabe erdigunean jarriko dutenak. Euskararen erabilera arnasgune askotan maldan behera doa, eta gune erdaldunak nahi baino polikiago euskalduntzen ari dira. Aisialdiko hizkuntza nagusia erdara bada (ikus-entzunezkoetan, bideojokoetan, sare-sozialetan, kirolean, aisialdian) euskaldun asko erdaraz biziko dira. 2006an smartphoneak, 2010ean Youtube, 2016tik aurrera zenbait streaming plataforma eta abar sortu zirenetik euskararen erabilera beherantz doa. Horregatik, «pantailak euskaraz» aldarrikapena ezinbestekoa da. Eta zentzu horretan ospatu da Pantailaldia ekimena, ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean (edo sortzean) ditugun bizipenak eta zailtasunak azaleratzeko asmoz. Ekimenak izan duen arrakasta ikusirik, agerian geratu da ikus-entzunezkoetan ere hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela. Itxaropenerako abagunea ireki da, beraz. Erakundeei dagokie orain norbanakook hartu dugun konpromisoari jarraipena ematea. Zenbait erronkari eman beharko diote erantzuna: 1. ETBn euskara lehenesteko premiazko neurriak. Ezin ahaztu Euskal Telebista euskara bultzatzeko sortu zela. ETB2k ez du inolaz ere helburu hori betetzen, eta ETB1 eta ETB3ko programazioa oso eskasa da. Egungo eredua errotik aldatu beharra dago. 2. Zinema saioen euskarazko eskaintza urriari erantzuna ematea. Bertako produkzioak bultzatu behar dira, eta puntako film eta telesailak bikoiztu edota azpititulatu. Lan handia dago egiteke. 3. Aisialdiko haurren erreferentziak euskaldunak izan daitezen kultur eskaintza zabal eta duina beharrezkoa da. 4. Hizkuntza paisaia euskaraz bermatzea, oraindik ere erdaren nagusigoa oso handia da eta. Euskaraldia momentu ona izan daiteke gobernuei konpromiso hauek har ditzatela eskatzeko: hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia heldu da. El éxito de la pantalla ha puesto de manifiesto que también en el ámbito audiovisual es posible cambiar los hábitos lingüísticos