Arnaitz GORRITI
PILOTA

«Gehien asebete» duen txapela buruan dauka Joseba Ezkurdiak

Finalaren biharamunean oso nekatuta sentitu arren, pozik eta harro azaldu da Arbizuko aurrelaria. Jokin Altunak fisikoki eta psikologikoki maila altua ematera behartu arren, aurrelari nafarrak sekulako partida jokatu zuela iritzi dio: onenetako bat.

Joseba Ezkurdia, txapela eta garaikurra eskuan, Arbizuko kaleetan
Joseba Ezkurdia, txapela eta garaikurra eskuan, Arbizuko kaleetan (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bezperan Arbizuko herriak harrera beroa eta agurra ere eskaini zizkion Joseba Ezkurdiari, Lau Eta Erdiko txapela janztea lortuta, Jokin Altunari 22-21 irabaziz final gogoangarri baten ostean. Goscinny eta Uderzoren komikietan bezala, afari bikain batekin herriko frontoiko «tabernatik bota arte» ospatu zuten hainbeste lan egin eta gero lorturiko txapela. Biharamunean lasaiago zegoen, bere hitzetan fisikoki «txikituta», atseden askorik hartu gabe; baina pozarren azaldu zen aurrelari nafarra, «gehien asebete» duen garaipena inork ere ez baitio kenduko aurrerantzean.

«Txapel honek merezi izan du ongi ospatzea. Partidaren tentsioarengatik erabat txikituta nagoen arren, merezi zuen eguna ongi ospatzea. Egun batzuetan atseden hartu, gorputzari buelta eman eta puntua hartzen saiatuko gara orain», onartu zuen Lau Eta Erdiko txapeldun berriak.

Urtetan gogoan hartzeko moduko finala izan zen igandean Miribillako frontoian jokatutakoa, baita barrutik bizi izan zuen honentzat ere.

«Psikologikoki batik bat, gogorra izan zen. Fisikoki nire burua ongi ikusi nuen. Nekatuta baina gustura, gorputzari buelta ongi ematen nion eta. Baina buruari dagokionez, oso gogorra izan zen. Berdin aurretik nindoala, eta baita gero partida 16-19 jarri zenean ere. Partida hausteko arrisku handia zegoen une horretan, eta gutxik pentsatuko zuen buelta emateko gai izango nintzenik. Baina nire buruari gogor egin nion; nire buruarengan sinistu nuen, lortu nuen Jokin Altuna bezalako pilotari handi bati buelta ematea», azaldu zuen Ezkurdiak.

EXIJENTEENA

Ondorioz, beraz, ez da harritzekoa emaitzaz ez ezik, jokoaz ere gustura egotea Arbizuko erraldoia. Neurri handi batean, Altunak ematera behartu zuen maila eman ahal izan zuelako.

«Aurrez ere partida onak egin izan ditugu Lau eta Erdian, baina Jokin handi bati eustea... Jokinek asko defendatzen du, asko exijitzen du; tantoa zuk zeuk amaitzea, opari gutxi egitea. Bai buruz, bai fisikoki, eta baita taktikoki ere, gehien exijitu didaten partida izan zela esango nuke», aitortu zuen, bezperan gauez txapeldun gisa ongietorria jaso zuen kale berberean.

Partida ostean ere, oraindik emozioak eta finala bero zirela, onartu zuen 2022 hau izan duela urterik onena. Aurrez, frontoi osoan Buruz Buruko finalerako sailkatu eta Lasoren aurka galdu arren, buelta eman eta «kaiolan» bere hirugarren txapela janztea erdietsi zuelako, Nagore, Eugi eta Jokin Altunak berak adina txapel eskuratuz, gainera. Soilik Retegi II.a, laurekin eta Olaizola II.a, zazpirekin, ditu bere aurretik.

BINAKAKOARI BEGIRA

Pilotak, hain ohikoa duen moduan, Binakako Txapelketa aurkeztuko du Lau eta Erdikoa amaitu berritan. Gaur eguerdian bertan jakitera emango dira zein bikote ariko diren urteko txapelketarik luzeenean. Nekatuta egonagatik ere, «txapel bat lortzeak hurrengoa lortzeko gosea piztu» omen dio Arbizukoa aurrelariari.

Gogoan izan behar da dagoeneko bi txapel badituela Ezkurdiak binaka ere. 2018an, Zabaletarekin bikotea osatuz, Elezkano II.a eta Rezusta 9an laga zituzten final nagusian -Lau eta Erdiko txapelketa aurrenekoz irabazi ostean-, eta 2020an, berriz, covid-19aren erruz frontoiak hutsik egon arren, 22-13 nagusitu ziren Arbizukoa eta Martija, Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen aurka.

Bestalde, egindako finalaz harro baina penatuta amaitu zuen Jokin Altunak, normala den legez. Baina penatuta ez ezik, minduta ere amaitu zuen Amezketako aurrelariak. Antza, eskuin eskua oinazez bukatu zuen, neurri handi batean Ezkurdiak asko behartu zuelako. Hala, dirudienez, bizpahiru astez aurrelari gipuzkoarrak ezingo omen du jokatu eta, halatan, 2021eko Binakako Txapelketan Martijarekin garaipena lortu ostean, aurreneko jardunaldietan ordezkoa topatu beharko zaio, nonbait, Jokin Altunari.