25 NOV. 2022 KOLABORAZIOA Nazkatuta gaude. Autodefentsa feminista! Naia TORREALDAI, Elene LOPETEGI eta Ainhoa OLASO Euskal Herriko Bilgune Feminista Zerrendatu genitzake bizi ditugun indarkeria instituzionalaren, pobretze estrukturalaren, gure gorputzenganako kontrolaren, kriminalizazioaren, bortxa sistematikoaren eta eskubide falten adibideak. Baina, nazkatuta gaudela esatera gatoz. Ez da ezer berria. Sistema heteropatriarkal kapitalista ezer gutxi aldatu den honetan, are gehiago, indartu egin den honetan, berriz ere diogu: Nazkatuta gaude! Patriarkatuak nolakotasun berriak aurkitu baditu ere, indarkeriak bere horretan jarraitzen du. Badakigu indarkeria matxistak egiturazko sistema oso bat duela atzean berau sostengatzeko eta justifikatzeko. Uda honetan gertatutakoa biolentzia estruktural horren beste adibide bat besterik ez da; ziztaden harira emakumeonganako* kontrol eta beldur mekanismoak era masiboan jarri dira martxan: kontrol poliziala, oihartzun mediatikoa, beldurraren erabilera eta diskurtso morbosoen kapitalizazioa, jarrera erreakzionarioak... Baita mugimendu feminista kriminalizatzeko bideak ere, Algortan eta Bilbon, adibidez. Egoera horietan, batzuek eraso matxistek hartutako forma konkretu horietan jarri nahi izaten dute fokua, era utilitarista batean eraikitzen dituzte diskurtsoak beldurra hedatuz eta erreproduzituz, etekin politikoa atera nahian. Baina fokua ez da hori, eraso matxisten ulerkera eta horien aurkako erantzunen antolakuntza feminista baizik. Erantzukizuna eta ardura gizonengan jarri nahi dugu. Olatu feministak iritsi zirenean, gizon batzuek ondo ikasi zituzten diskurtso eta azaleko jarrerak. Lotsarik gabe erabili dituzte ikasitakoak. Patriarkatua ere ez da lotsatu. Ez da aldatu, bere horretan jarraitzen du; olatu feminista bakoitzak lortutako garaipenen aurrean oldartu egiten da. Ikusi dugu nola sistema kapitalista heteropatriarkalak feminismoaren termino eta iruditerietatik etekina atera duen bezala, gizonek ere berdintsu egin dutela. Itxurak ez baitu errokoa aldatzen. Are gehiago pandemia osteko gariotan, non sistema heteropatriarkal kapitalista sostengatzen duten mekanismoak esplizituago ikusten diren; sistema heteroarautzailea, sexuaren araberako lan banaketa agerikoa, sektore feminizatuen muturreko prekaritatea… Indarkeria bere zentzu zabalenean. Zorionez, feministok hamaika forma horien aurrean beste hamabi modu bilatu ditugu horiei aurre egiteko. Horregatik, horri guztiari aurre egiteko autodefentsa feminista da dugun tresna. Urteak daramatzagu autodefentsa feministaren baitan antolatzeko deia egiten eta autodefentsa feministak har ditzakeen hamaika bide eta forma sortzen, aplikatzen eta aldarrikatzen. Ez dugu terminologia lausotzerik onartuko, urteetako lanaren ondoren aldarrikatu dugu Euskal Herri osoan autodefentsa feminista, eta berriz ere berresten gara aldarri honetan. Feminismoz armaturik gaude! Autodefentsa feminista dugu lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta gure bizitzen defentsa eraikitzeko erreminta! Bide horretan jarraituko dugu; antolatzen, espazio kolektiboak sortzen, olatu feministak eragiten. Ezin daitekeelako uka feminismoak duen gaitasun politizatzailea eta sistema iraultzeko duen indarra. Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko. Gora borroka feminista! Ekin autodefentsa feministari!