Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Puta zikinak», sexu langileak entzuteko ordua

Molly Smith eta Juno Mac sexu langileek «Revolting prostitutes» saiakera argitaratu zuten 2018an. Urte erdian, urte osoko aurreikuspenak gainditu zituzten. Jatorrizkoa euskaratu du Amaia Astobizak, «Puta zikinak». Haiek entzuteko garaia da, eta eztabaida sustatzekoa.

Amaia Astobiza Uriartek itzuli du «Puta zikinak» (Katakrak). on URBE
Amaia Astobiza Uriartek itzuli du «Puta zikinak» (Katakrak). on URBE (J | FOKU)

Bereziki azken garaiotan asko idatzi da prostituzioaz, dela teoria politikotik, dela kazetaritzatik. Alta, ezer gutxi iritsi da euskarara. Bada, hutsune hori betetzera dator Katakrak argitaletxea “Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka” saiakerarekin. Hizkuntza ez ezik, garrantzitsua da, era berean, eztabaida nola sustatu dezakeen; izan ere ez dute ezkutatzen feminismoak gaiari eusteko dituen zailtasunak.

Jatorrizko edizioa ingelesez idatzitakoa da, eta “Revolting prostitutes” du izena. 2018an editatua aurrenekoz, Juno Macek eta Molly Smithek ondutako saiakera da, ikerketa lan batetik oso gertu dagoena. Badakite zertaz ari diren: biak ala biak Eskozian sexu langileak dira, eta biak ala biak Sex Worker Advocay and Resistence Movement-eko (SWARM) kideak dira. Zuriak eta ahotsdunak. Pribilegiatutzat dute euren burua, eta pribilegio hori baliatu nahi izan zuten, hain zuzen, ahotsik ez duten emakumeei ahotsa emateko.

Sexu lana eta prostituzioa moralik gabe jasotzen dute, liburu oso materialista da, edo beste modu batean esanda, «sexu lana modu oso materialean planteatzen du», eman zuen aditzera atzo Nerea Fillat editoreak, aurkezpen ekitaldian. Edukiaren izaeraz erantsi zuen kanpo epaiketarik gabekoa dela eta ikuspuntua zintzoa dela. «Horren konplikatua den eztabaida honetan, ikuspuntu zintzo hau gure irudikoz oso garrantzitsua da feminismotik auzia eusteko», berretsi zuen.

Amaia Astobizak itzulia, euskara xamurra eta atsegina erabili du saiakera irakurtzera ohituta ez dagoena ere erakartzeko.

Terminologia zehatza

Liburuan etengabe jartzen dituzte mahai gainean batzuen eta besteen ikuspegiak, alderatu eta argudiatu egiten dituzte egileek. Biziraupenerako sexua ere behin eta berriro agertzen da, sexu industrian jarduten duten emakumeek askotan bizirauteko egiten baitute, diote.

Smithek eta Macek «garrantzi handia» ematen diote zehaztasunari, hitz egitean termino egokiak erabiltzeari. Zergatik? «Askotan, prostituzioari buruz hitz egiten denean terminoak erabiltzen direlako esanahi ezberdinekin, eta horrek egiten duena da eztabaida eta hausnarketa nahasi», esan dute. Bide horretan, despenalizazioa eta legeztatzea oso garbi bereizita gelditzen dira.